Argindar linea geratzeko indarren bilgune bihurtu gura du Goi Tentsioari Ez plataformak

Joseba Derteano 2017ko aza. 10a, 09:49

Red Eléctrica de España konpainiak goi-tentsioko argindar linea egiteko ardura du Gueñes (Bizkaia) eta Itxaso (Gipuzkoa) artean. Tartean, Durangaldeko sei herritatik igaroko litzateke: Zornotza, Iurreta, Garai, Mallabia, Berriz eta Zaldibarretik. Proiektua azken fasean dago eta Espainiako Gobernuak edozein momentutan onartu dezake behin betiko.

Adituen esanetan, badaude egitasmoa atzera bota ahal izateko argudioak, baina horiek modu bateratuan defendatu eta presioa egiteko gizarte mugimendu aktibo eta antolatua falta da. Goi Tentsioari Ez plataforma txinparta horren eragile eta mugimenduaren bateragune bihurtu daiteke. Bide horretan urratsak emateko prest daude, astelehenean lineak eragindako erakundeak eta norbanakoak deituta zeuden Durangoko batzar irekian azaldu zutenez. Lehenengo pausoa plataforma ofizialki gizartearen aurrean aurkezteko ekitaldia izango dela erabaki zuten. Azaro amaiera aldera izan daiteke.

“Badaude proiektua geratu dezaketen argudioak, batez ere ingurumenaren arlotik”, azaldu zuen batzarrean gaiaren inguruko aholkularitza juridikoa ematera bertaratu zen Dani Maeztu abokatuak. Hainbat zerrendatu zituen: argindar dorreak non kokatuko ziren zehazten ez zuen lehenengo proiektua onartzeaz (2011. urtean) batera, ingurumen inpaktuaren txostena onartu izana eta uhin elektromagnetikoek osasunean izan dezaketen eragina, besteak beste.

Proiektua onartu arte ez dago ezer egiterik. Baina, behin onartutakoan, prozedura arin joango dela abisatu zuen, desjabetzeak eta abar. Gura duenak orduan izango du epaitegietako bidea hartzeko aukera ere. “Baina ez dauka zentzurik borroka judizial luze eta garestian sartzeak, mugimendu sozialik ez badago”, aholkatu zuen Maeztuk. Horregatik, gaur egun batez ere sare sozialen bidez mugitzen den Plataformak pauso berri bat eman eta jendaurreko aurkezpena egitea erabaki du.

Linea, Durangaldean
Goi-tentsioko linea Zornotzan sartu eta Zaldibarren irteten da Durangaldean. 73 kilometroko ibilbidean, 22 kilometro eskualdean egingo ditu. Oiz ingurutik hasi eta Mallabian zein Zaldibarren zehar beste linea elektriko bategaz nahiko paraleloan joango da.

Udalek linearen kontrako jarrera hartu dute. Martxoan, Zornotzako udalbatzarrean linearen “guztiz aurka dagoela” erakusten zuen udal adierazpena irakurri zuten. Mallabian, Iurretan, Zaldibarren, Garain eta Berrizen ere ildo bereko mozioak onartu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!