Lau t'erdikoan Unai Mata aurretik joan zen partiduko zatirik handienean. Une batzuetan alde handiarekin gainera (11-3). Ematen zuen esku-eskura zuela txapela 21-18 jarri zenean, baina Patxi Etxegaraik ez zuen etsi eta finalari buelta eman zion: 21-22.
Lehenengo partiduak izan zuen emozio guztia falta izan zitzaion binakako finalari. Iker Mariezkurrenari esku biak mindu zitzaizkion partidu hasieran. Ezkerrarekin konfiantza handia du eta noizerik noizera zartako ederrak eman zizkion mina zuen arren. Baina eskumarekin ezinean aritu zen. Ondorioz, Adrian Pradok, finaleko izarrak, aurrean hartu zuen pilota eta ezker gantxoz tanto dotoreak egin zituen. Berak markatu zuen partiduko erritmoa. Pradoren atzelari Joseba Sarasa seguru aritu zen. Nolakoa zen bizitza: iaz ere finala jokatu zuen Sarasak eta galdu egin zuen, hein handian, eskumako eskua mindua zuelako. Atzo bere aurkariarentzako izan zen gurutzbidea. Iraitz Zubizarretak defentsa lanean jardun behar izan zuen partiduko zatirik handienean. Azkenean 22-13 nagusitu ziren Prado eta Sarasa.
Patxi Etxegarai lau t'erdiko txapelagaz:
Familia argazkia pilotari, antolatzaile eta babesleekin: