16 urtegaz, Tolosak pilotan jokatzeko dohai handiak dituela erakutsi du beste behin.
Partidu ederren habia izateaz gainera, etorkizun oparoa somatzen zaien pilotari gazteak bertatik bertara jarraitzeko aukera ere eskaintzen du Mallabiko Biharko Izarrak txapelketak. Horixe da Xabier Tolosa anoetarraren kasua (ama Mallabikoa du). 16 urte besterik ez eta pilotan zuzen jokatzeko gidaliburua barneratuta duela ematen du. Eguazteneko jardunaldian ere erakustaldia eman zuen behar zenean emanez eta eutsi behar zenean eutsiz. Bisintxo eta biek 22-16 menderatu zituzten Arrese eta Perez. Partiduak unean-unean eskatutako jokamoldera ederto moldatu zen Tolosa eta bera izan laukotean nabarmendu zena.
Bigarren partiduan Jakak eta Telletxeak 22-14 irabazi zieten Olaetxea eta Bolinagari. Partidu erdira arte lehia estua jokatu zuten (12-12 / 14-14). Orduan Bolinagak min hartu zuen eskuin eskuan eta irabazleak zuzenean joan ziren 22ra.