Zaintza indartzea eskatu dio udalak Ertzaintzari

Anboto 2012ko mar. 15a, 09:07

Osmako hilketak \'lur jota\' utzi ditu mallabiarrak

Osmako hilketak “lur jota” utzi ditu mallabiarrak.

 

68 urteko gizona labankadaz hilda topatu zuten joan zen barikuan, 17:15ean, Osma auzoan. Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, hildakoa bere autoaren ondoan indarkeria zantzuekin topatu zuten, bere etxebizitzatik metro gutxira. Ertzaintza oraindik gertaera ikertzen dabilen arren, hipotesi nagusia lapurretarena da.

 

Mila Mondragon alkatearen berbatan, “Osmako kasuak lur jota utzi du herri osoa”. Gaineratu duenez, “egia da lapurretak egon direla Osma auzoan eta herrian, baina ez daukate antzekotasun handirik orain gertatu denagaz”. Ertzaintzak udalari azaldu dionez, beste kasuetan indarkeriarik ez da erabili. “Oraingoak maila guztiak hautsi ditu”. Ertzaintzak lasai egoteko gomendioa egin du, eta udal arduradunei adierazi die kasuaren inguruan zeozer dakitenean jakinaraziko dutela.

 

Egoeraren aurrean, herrian zaintza indartzea eskatu dio udalak Ertzaintzari. Herrizaingo Sailak auzoetako lapurreten aurrean hainbat gomendio zabaldu ditu auzoetan: zerbait susmagarria ikusiz gero, datuak hartu eta berehala Ertzaintzara deitzea aholkatu dute (943 531700). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!