Herrian profeta (Kronika)

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Urkiaga Egidazu 2014ko mai. 19a, 10:54
359,5 punturekin Gorka Lazkano Arrizubieta da 2014ko Durangaldeko bertsolari txapelduna. 75 lagun inguru batu ziren Berrizko Kultur Etxean, igande arratsaldean, eta Aitor Bizkarra Ruizek (349), Garikoitz Sarriugarte Onaindiak (215), Ander Gerrikaetxebarria San Antonek (210), Beñat Romero Maguregik (208) eta Ander Salaberria Alberdik (206,5) osatu zuten bertso saioko seikotea.


Hasierako agurrean, esaerari aurka eginda, “ia gaurkoan izaten naizen / nire herrian profeta” abestu zuten Lazkanok, eta bigarren sailkatuari 10,5 puntuko aldea aterata, bete egin zuen profezia. Bakarkako lanetan ikusi nuen ondoen berriztarra; beteranotasunak ematen duen tenpletik aritu zen. Eta uste dut horrek eman ziola txapela.

Sei bertsolarietatik solteen aritu zena Bizkarra izan zen; galtzeko gutxi daukanaren lasaitasunak txapelaren bidean jarri zuen. Abadiñoarrak buruz buruko kartzelakoan jo zuen goia. Honela jarri zion gaia gai-jartzaileak: “Ez zendula salduko zin egin zenduan arren, saldu egin dozu”. Lehen bertsoan “arima lehendik salduta neukan / eta oraintxe gorputza” bota ostean, alabek goserik pasa ez dezaten, edozer egiteko prest dagoen amaren paperetik kantatu zuen. Bigarren bertsoan, berriz, etxera garaiz helduko dela adierazi zien alabei: “helduko naz, zuek tenplau / gaba hontako azken kotxiek / etxera ekarten banau”.

Saioari umore zertzeladak eman zizkiona, ostera, Sarriugarte izan zen, saio txukun bat eginda, gainera. 8ko handian hasi, eta, printzipioz, seriorako aukera baino eskaintzen ez zuen bakarkako azken punturaino eragin zituen irriak publikoaren artean. Operazio gelan dagoen zirujaua zen zaldibartarra, eta bisturia eskuan hartu orduko ohartu da bere eskuen dardaraz. Zera bota zuen urduritasunez gainezka zegoen medikuak: “Berak bizirik urtengo dau ta / niri bihotzekoak emon”.

Gerrikaetxebarria, berriz, ideiez fresko igo zen oholtzara. Lehen Eskualdekoa eta lehen finala. Eta 18 urte. Horrekin ez dago dena esanda, baina asko bai. Romero, aldiz, lotuta aritu zen, saioa amaitu ondoren, berak aitortu bezala. Eta unean unekoak balio duen arren, Zornotzan jokatutako kanporaketako maila bikainetik gertuago dagoen bertsolaria delakoan nago, Berrizko saioko bertsolaria baino.

Salaberriak puntu erantzunean agertu zituen alerik onenetakoak: “Ortua baserritik / kalera heldu da”, “eta bide hortatik / batzuek gustura / ea ba heldu zaio / baserrira uda / eta aldatzen dogun / oraingo kultura”.

Beraz, puntuak puntu, eta oraindik jakiterik ez badago ere, ezusteko pozgarririk ez bada behintzat, Gorka Lazkano eta Aitor Bizkarra izango dira igandeko saiotik Bizkaiko Txapelketara igaroko diren bertsolariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!