Durangoko jaiak

Durangoko Txosnak 2022: Badatoz berriro

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2022ko urr. 10a, 18:00

Bat, bi, bat, bi. Probatzen, probatzen. Entzuten da? 

Ea ba. Ea akordatzen naizen nola egiten zen hau.

Bueltan dira ostera, Durangoko Txosnak, bi urteko etenaldiaren ostean. Eta ni pozarren, Landako Gunearen inguruetan ostera txosnagunea egongo delako, eta bertan, denetarik egin ahalko delako: lagunekin elkartu, ondo jan eta edan, eta nola ez, zuzeneko musikaz gozatu, besteak beste. Ez da erraza bihurtu Durangon zuzeneko musikaz gozatu ahal izatea azken aldian, are gutxiago, doinu elektrikoak gustoko izanez gero.

Tira. Ea zerrendatxo hau urteroko zeregina bihurtzea lortzen dudan oraingoan. Hemen, txosnagunean egongo diren musika proposamen interesgarrietako batzuri buruzko lau lerro guztiz subjektibo. 

1.- Vulk

Laukote bizkaitarrak Vulk ez da diskoa kaleratu zuen urtarrilean, bere ibilbideko hirugarrena (lehena euskara hutsean). Post punk doinuak ardatz hartuta, beren musika berrasmatzea gura izan dute disko berrian. 2018an Jangitz Larrañaga baterijole berriztarra batu zen taldera; martxoan elkarrizketatu genuen Larrañaga. 

Urriak 14, barikua, Añube eta Los Zopilotes Txirriaos taldeegaz. 22:00etatik aurrera.

2.- Merina Gris

Doinu elektronikoak eta melodia itsaskorrak batzen ditu talde donostiarrak, edota, beraiek dioten bezala, "pop zakarra". Zerua orain diskoa kaleratu dute aurten. Musikaz gainera, estetika ere zaintzen dute, eta bideoetan Eneko Sagardoy aktore durangarra edota Izaro musikari mallabiarra agertu izan dira. 

Urriak 21, barikua, Peio eta Itsua eta J Martina taldeegaz. 22:00etatik aurrera.

3.- Penny Fleck

Storm, Arto Bixarra, Dirties, Kilauea, Sermond´s, edota Xaiko taldeetan ibilitakoak dira Durangaldeko Penny Fleck taldeko kideak. Talde berria, aurpegi ezagunak, beraz. Rock doinuzko oinarria bestelako zertzeladegaz margoztera ausartu dira oraingoan. Oraintsu publikatu dute beraien lehen lana izango den Secret Keeper diskoko aurkezpen kanta. 908. alean kaleratu dugu beraiegaz izandako solasaldia.

Urriak 11, martitzena, Konorte, Parkatu eta Laru taldeegaz. 22:00etatik aurrera.

4.- Añube

Bergarako, Arrasateko eta Ataungo sei lagunek osatzen dute Añube. 2021ean batu ziren, eta martxoan beraien lehenengo lana kaleratu zuten. Rock doinuak jorratzen dituzte, batez ere, saxofoi doinuegaz borobildutako abestietan. The Baboon Show talde suediarraren Radio Rebelde abesti ezaguna euskaratu dute, baita ere. 

Urriak 14, barikua, Vulk eta Los Zopilotes Txirriaos taldeegaz. 22:00etatik aurrera.

5.- J Martina

J Martina talde bizkaitarrak pop elektronikoa lantzen du, ahots melodikoegaz uztartuta. 2020az geroztik tantaka zabaldu dituzte beraien abestiak, aurten baina, sei kantako diskoa kaleratu dute, Jaio naiz baina.

Urriak 21, barikua, Peio eta Itsua eta Merina Gris taldeegaz. 22:00etatik aurrera.

p.s.:

Txosnagunetik kanpo ere, egongo da aukera musikaz (eta bestelakoez) gozatzeko. Besteak beste, Ainke eta Alerta talde durangarrek kontzertua eskainiko dute urriaren 14an. Ainkek bere lehen diskoa kaleratu du oraintsu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!