“Aurretik egon garen taldeetan nabariagoak ziren eraginak; hemen gehiago zabaldu gara”

Aritz Maldonado 2022ko urr. 9a, 12:00

Joannah Keenek, Iñigo Larringan ‘Moin’-ek, Jon Revilla ‘Yuki’-k, Jokin Larreak eta Koldo Zubiak urteak daramatzate musikagintzan; Storm, Arto Bixarra, Dirties, Sermonds, Xaiko eta Kilauea taldeetan ibilitakoak, sarri gurutzatu dituzte euren ibilbideak rock munduan. Oraingoan, baina, elkarregaz sortzeko batu dira. Urte bi inguruko prozesuaren ondoren, ‘Secret keeper’ diskoa kaleratuko dute egunotan. Ohiko rock doinuzko oinarria bestelako zertzeladekin margoztera ausartu dira oraingo honetan.

Nondik dator Penny Fleck sortzeko gogoa?
Iñigo Larringan 'Moin': Jonek eta biok aspalditik elkar ezagutzen dugu. Kontua da oraingoan nik abesti sorta bat nuela, eta berak grabatzeko gogo handia. Autopilot deituriko proiektu baten barruan abesti sorta hori grabatu genuen, baina oraindino ez publikatzea erabaki dugu. Prozesu horretan asko ikasi genuen, eta ikusi genuen beste era batera lan egin zitekeela. 
Jon Revilla 'Yuki': Esperientzia lez oso aberatsa izan zen, eta amaitzean beste zeozer egiteko gogoa geratu zitzaigun. Sermond´s eta Kilauea amaitu eta gero, talderik barik geuden. Jarraian, Purapossegaz zebilen Jokini deitu genion, eta gero Joannahri. Koldogaz osatu genuen boskotea. Segituan egundoko feelinga sortu zen gure artean.
I. L.: Taldean halako ilusio bat igartzen da. Bakoitza gustura dago egiten duen ekarpenagaz, eta prozesu luzea izan arren lortu dugu kantuak gure kabuz grabatzea, zuzenekoak egitea, eta orain diskoa kaleratzea. Ez da erraza izan, ordutegi aldetik oso mugatuta gaudelako, baina lortu dugu. Shinovako Erlantz Prieto arduratu da diskoa nahasteaz; estudioa zabaldu du oraintsu. Bestalde, Estanis Elorza arduratu da masterra egiteaz.

Musikalki melodiek badute pisu bat.
J. R.: Guk biok musika ikusteko modu beretsua dugu, rocka antzera ulertzen dugu. Eskola zaharreko musika dugu gustuko, eta horrek batzen gaitu bostok, gauza gehiago ere gustuko dugun arren. Hain zuzen ere, horixe nabarmenduko nuke, Penny Flecken asko zabaldu dugula aukera sorta. 
I. L.: Musikalki ere, bizitzan hainbat etapa igaro dugu. Pertsonalki, punk edo oi! doinuetatik rockeroagoak atseginago izatera igaro naiz, baita stoner edo pop doinuak ere, eta Penny Fleck, hain zuzen ere, hori ere badela esango nuke: rocka erdigunean ipinita, eroso sentitu gara sortzerakoan, bestelako doinuak probatzerakoan. Aurretik egon garen taldeetan esango nuke nabariagoak zirela eraginak, baina honetan gehiago zabaldu garela esango nuke.

Zein da hemendik aurrerako plana?
J. R.: Hurrengo pausoa diskoa formatu fisikoan ateratzea litzateke. Durangoko kontzerturako prest egon beharko litzateke jada. Jendeak zelan erantzuten duen ikusi gura dugu. Orain artean, gure abestiak zuzenean baino ezin izan dituzte entzun, eta oso harrera ona izan dute. 
I. L.: Horrez gainera, ahalik eta gehien jo gura dugu, ahal dugun neurrian. Jada ez ditugu hogei urte, eta geroago eta gatxagoa egiten zaigu elkartzea, baina ilusioz beterik gaude. Konpromiso handia dugu taldeagaz, eta zuzenean jo gura dugu, berriro sortzen hasi... 

Nondik dator izena?
J. R.: Penny Fleck Joker pertsonaiaren ama da, eta, funtsean, adierazi gura duguna da iluntasunak ere baduela bere alde argia. 
I. L.: Eta askotan, gainera, alde ilun horretan edertasuna ere badago. Taldearen irudia mika bat da. Zergaitik? Mika animalia superstiziosoa da hainbat kulturatan. Kultura britainiarrean, esaterako, zazpi mika batera ikusiz gero inoiz kontatu bako sekretuaren jabe izango zara. Diskoaren izena Secret keeper denez, lotura borobila iruditu zitzaigun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!