Zelan doa bira hasiera?
Bagenekien bazetorrela, baina ekin arte esango nuke ez ginela kontziente zelakoa izango zen bira hau. Pentsa, Bartzelonan eta Madrilen kontzertu bana eskainita ekin diogu birari! Aurretik ere jo izan dugu hiriburu horietan, eta ondo, baina oraingoak itzelak izan dira. Hiruzpalau bider jo dugu Madrilen, eta hau onena izan da. Lehenengoz, euskarazko abestiekin joan gara hara, eta jendeak abestu egiten zituen! Orokorrean, pozik gaude sarreren salmentagaz. Uste dugu lan handia egin dugula eta jendea oso gauza politak esaten dabil diskoaz ere.
Komunikabideetan asko azpimarratzen da gure zuzenekoena. Niri beldur apur bat ematen dit, azken finean, beste talde askok egiten dutena egiten dugu eta. Ondo jotzen dugula iruditzen zait, baina ez dut uste Mocker´sen mailan gaudenik, adibidez; zuzenekoetan dena bere lekuan dago eurekin, beste maila batean daude. Gogoa ipintzen diogu, baina beste talde askoren moduan. Geroago eta hobeto jotzen ahalegintzen gara, eta horrelako berbek hobetzera animatzen gaituzte. Eskertzekoak dira.
Euskara hutsean egindako lehenengo lana duzue hau. Sorkuntza prozesutik parte hartu duzun lehenengo lana da. Horregaitik da?
Aldaketak Zaldibarregaz du zerikusirik handiena. Ni hasi aurretik ere, Andonik letra pare bat sartu zuen euskaraz. Disko berrirako abestiak konposatzen hasi ginenean, euskaraz irteten hasi ziren, modu natural batean. Nik Sorgin tabernan lan egiten nuen, baita orain ere, eta Andoni ere hona etortzen hasi zen, askotan. Galdakoztarra da bera, euskalduna txikitatik, baina inguru erdalduna eduki du. Sorginen lanean hasi zen bera ere, eta euskaraz askoz gehiago egiten hasi zen. Abestiak modu naturalean irten dira euskaraz, ez hori bilatzen genuelako. Zaldibarren, Andonik ez du erraztasuna lortu bakarrik, euskaraz aritzeko joera ere bai. Zelako altxorra den konturatu da, eta hizkuntza gutxitu bat defendatzeak daukan militantzia horretan ere murgiltzen hasi zen.
Mockersek ere antzerako bidea egin du, euskaraz abestera igarota.
Kanpora begiratu beharrean, bertakoari eman diogu garrantzia, eta nik uste Mockersi ere antzerako zerbait gertatu zitzaiola, oso natural; Ritxiren [Blanco, Mockerseko gitarrista] oihu batzuetan Duten eragina igartzen dela esango nuke. Tabernan lan eginda, beharbada etxean entzuten ez dituzun talde batzuk entzuten dituzu, arreta gehiagoz. Bat-batean, beti hor egon diren talde batzuk talde kutun bihurtu dira, eta, konposatzerakoan, kontuan hartzen dituzu.
Musikalki ere izan duzu eragina?
Hori pentsatzea gustatuko litzaidake, baina ez dagokit niri hori esatea. Chaviren [Javier Marco, aurreko bateria-jotzailea] jotzeko modua barneratzea izan zen egin nuen lehenengo gauza. Asko gustatzen zait zelan jotzen duen. Eta horrek lagundu egin dit Vulken soinu hori mantentzen. Baina, gero, neure ekarpena egin dudala ere esango nuke, pisua eman diodala, jotzerakoan gogor jotzen dudalako. Nik behintzat disko hau pisutsuago igartzen dut, baina izan daiteke, baita ere, sortzerakoan horixe zelako gorputzak eskatzen ziguna.
Diskoaren azalerako tailatua zure aitak egin du, Jose Felix Larrañagak. Vulk zalea da?
Diskoa grabatu eta gero, azalaz eta irudiaz berbetan egon ginen. Esan dizudan moduan, diskoa indartsua irten da, oso gauza fisikoa, eta pieza trinko bat imajinatzen genuen azalerako. Diskoa zuzenean jotzearen produktua da, asko entseatzearen fruitua. Oso fisikoa.
Aita musikaria zen, berak ere bateria jotzen zuen, Durangaldean nahiko famatua izan zen Txortan taldean. Gurasoek asko lagundu didate beti musika kontuetan. Komentatu nionean, oso ideia ona iruditu zitzaion. Oso pozik dago, orain publizitatea egiten diogulako elkarrizketetan (barrez).
Zuzeneko asko dituzue aurretik Vulkegaz. Horrelakoetan disfrutatzen duzue gehien?
Gauza bi desberdinduko nituzke hor. Komunikabideek gure zuzeneko alde hori nabarmentzen dute, baina horrela ikusten dugu geuk ere. Zuzeneko taldetzat dugu geure burua. Badaude proiektu musikalak, diskoak grabatzeko helburua dutenak, edo ekoizpenera dedikatzen direnak. Beste talde askoren moduan, gure helburua zuzenean jotzea da. Eta diskoa zuzeneko horien erregistroa da. Orain, data hauek guztiak ikusita, zer gehiago eskatu dezakegu? Asko jotzen gabiltza eta data asko ditugu aurretik. Guretzat itzela da, errepidean eta soinu probetan ere ideia berriak sortzen direlako. Baliteke noizbait nekatzea ere, baina oraingoz asko difrutatzen gabiltza honegaz.
Cuero taldean ere jotzen duzu eta abenduan Europatik ibili zarete. Normalitatea bueltatu dela esango zenuke?
Zelako normalitatea da hori, baina? Hau ez zen nire lehengo normalitatea. Vulkegaz lehen ere asko jotzen nuen, baina oraingo hau sinestezina da. Bat-batean etorri zait aldaketa. Neure bizitza honen zerbitzura jartzen nabil eta horixe da gura dudana. Abenduan, Cuero taldeagaz Europako hainbat herrialdetan jo genuen, Revert bermeotarrekin batera. Cuero eta Vulk, bietan jotzea oso gustuko dut, ez dituztelako estilo definituak, eta, horrela, jotzeko modu desberdinak proiektatzen ditut bertan. Gauza berriak probatzeko aukera eskaintzen didate, eta, musikari lez, bateria-jotzaile lez, oso interesgarria iruditzen zait hori.
Argazkia: Aitane Goñi Landa