Memoria dogu lotura

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko abu. 28a, 13:33

“Ezin dogu ahaztu eta ez dogu ahaztu gura, memoria dogu lotura”. Ezin dogu ahaztu faxistek 1937ko apirilaren 29an, Otxandio batailoian gudari zebilela, Mendatan hil zuten gure osaba Pedro Uriguen. Ez dogu orain arte be ahaztuta eduki osaba Pedro baina, emozio itzela izan dogu Aranzadi Zientzia Elkartekoek egindako indusketan osabarenak izan daitezkeen hezurrak lurpetik txiri-txiri ateratzen ikusi doguzanean.

Han batu garen gutariko bakoitzak geure gogoeta, akordua eta errepasoa egingo genuen, nik uste. Gure amak 9 urtegaz Mendatara joan zenekoa gogoratu du, inoiz baino biziago eta holan adierazo deusku:  “Amama, izeko Brigida eta hirurok etorri ginen Mendarata eta hementxe, arte baten azpian lurperatu ebela osaba esan euskuen, hanka zauriturik heldu ei zan hona, odoletan, eta zelan halan, errenka, arrastaka ebilela tiroz errematatu eben faxistek. Ondoko baserriko aita-semeek lurperatu ei eben, bidxamonean, ezkutuan, faxisten bilurrez".

Osaba Pedro: Beti pentsatu dogu hementxe zengozela baina, gaur zure arrastoen aurrean,  zure azken orduak eta aurretikoak imajinatu dodaz. Gure amari sarri entzun deutset Asturias aldean be ibili zinela gerran. 34ko gerra izango zela pentsetan dot. Lerden eta ausart imajinatzen zaittut asturiar meatzariekin borrokan, lan baldintza hobeak lortzeko, bizimodu duinago baten aldeko erronkan. Zeuk be, errentadore familiako semea izanik, edukiko zendun buruan zer errebindikatu, hoba ez.

Asturiastik bueltan Boroako Biesko baserrian be ez zen ugaritasun askorik egongo, miseridxe bai ostera, baina laster joan zinen barriro be zeurera, zeure askatasun egarria asetzera, Otxandio batailoian izena emon eta 36ko gerrara. Han be ez zinen atzean geratuko, nik uste, baina Mendatan emon zendun azken arnasa, “gora euskadi” esaten imajinatu gura zaittugu, horixe kontatu deuskue-eta gure aurretikoek.

Osaba, Mendatan utzi zaitugu indusketa amaitu arte, urteetan zure hilobia izan dan lekuan,  gero ADN probak egin, eta hezurrak familiakoekin batera lurperatu ostean, omenaldi bat antolatzen saiatuko gara, merezi dozun eta orain arte izan ez dozun omenaldia, “orria pasatu orduko irakurri egin behar dela uste dogulako eta memoria dogulako lotura”

Osaba, izan zinelako gara, garelako izango dira

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!