Ilusioagaz ekin diozu erronkari?
Bai, oso ilusionatuta nago. Irakasle ikasketak eginak ditut eta lan hura ere gustatzen zait, baina hamar urte daramatzat ostalaritzan eta gustura nabil. Orain dela urte batzuk beste taberna bat hartzeko aukera izan genuen, baina ez zen aurrera irten eta arantzatxo hori barruan sartuta nuen. Izurtzako tabernaren aukera irten zenean, lehiaketara aurkeztera animatu nintzen, familiak animatuta eta euren laguntzagaz.
Ostalaritzan oraingo hau da negozio baten ardura guztia duzun lehenengo aldia. Erronka lez hartzen duzu?
Benetan be, erronka! Atzetik lan handia dago. Izapideak egin, eskainiko dituzun produktuak aukeratu eta eskatu… Hamaika kontu. Baina ikasteko gogoz nago.
Zer mantendu eta zer aldatu duzu?
Hestebeteak mantendu egingo ditugu. Jende guztiak esaten zidan "hori ez kendu, e?". Bada, ez, ohitura horri eutsiko diogu. Taberna hau pernilagaitik eta hestebeteengaitik da ezaguna. Hori mantendu egingo dugu. Pernila, txorizoa, solomoa eta saltxitxoia ditugu. Gazta ere bai. Asko inguruko ekoizleen produktuak dira. Hortik aurrera, asteburuetan txibierroak, patatak eta kroketak emango ditugu. Sukaldea eraberrituta dagoenean, janari elaboratuagoak eskaintzea da asmoa. Horrez gainera, urtean zehar ekimenak antolatu gura ditugu, herriko erdiguneari bizia emateko.
Helburua bete eta jaietarako zabaltzea lortu duzue.
Bai, epemuga hori geneukan ipinita. Jaietarako, plaza inguruan dagoen taberna bakarra zabalik egotea garrantzitsua zen. Eta guretzat ere aukera ona jendeak ezagutu gaitzan.