[EGITARAUA] Gertufest jaialdia eta Xaiborren emanaldia, besteak beste, barikuan hasiko diren Izurtzako jaietan

Anboto 2023ko abu. 28a, 10:10
Iazko Gertufest jaialdia (Artxiboko irudia)

Fideua txapelketa izango da jaietako beste osagai bat.

Izurtzako jaiak bariku arratsaldean hasiko dira. Lehenengo trikipoteoa egingo dute gasolineratik hasita eta plazara heltzean txupinazoa botako dute.

Txapelketa gastronomikoak dira jaietako osagai bat. Aurten bi izango dira. Bata ohiko tortilla txapelketa da, jaietako bigarren zapatuan. Bestean, sukaldatu beharreko platera aldatu egiten dute urtero. Aurten fideua onena egiten duenak irabaziko du irailaren 2ko txapelketa.

Musikari dagokionez, Xaiborrek iaz eskainitako emanaldiak harrera ona izan zuen udaleko ordezkarien esanetan eta aurten berriro ekarriko dute, irailaren 9an. Lotxoren erromeria, berriz, jaietako lehen domekan izango da.

Gertufest

Iazko arrakastaren ostean, Gertufest jaialdiak bigarren aldia egingo du irailaren 8an. Korrala sormen gunearen, udalaren eta herritarren artean antolatuko dute. 17:00etatik aurrera artisauen azokarekin, askotariko ikuskizunekin (monologoak, mikroantzerkia, musika emanaldiak, clown-a, graffitigileak, break dance-a, txalaparta, zirkoa…), umeentzako jolasekin eta ipuinkontalariekin gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Jan edanerako aukera ere egongo da.

Azokan honako postuak batuko dira: Art-IZAR, EskuARTE, Birak Orbita, Jandameida, Parared.a, Nomadak graphiks, MuyTú, GoraKat, Flamenca y Morada, BioBizi, Monica Alonso, Xaboi Punpuila, Amalur, Kukupraka eta Mai Mai sorkuntza.

IRAILAK 1, BARIKUA

  • 19:00 Triki-poteoa gasolineran hasita.
  • 20:00 Txupinazoa.

IRAILAK 2, ZAPATUA

  • 12:30 Fideua txapelketa.
  • 14:30 Platerak aurkeztea.
  • 15:00 Herri bazkaria.
  • 18:00 Bingoa.

IRAILAK 3, DOMEKA (Santa Ageda eguna)

  • 10:00 Kalejira Jaizalerekin.
  • 12:00 Iurretako Dantza Taldea.
  • 14:30 Herri bazkaria.
  • 16:30 ‘Bikote bila’ monologoa Alazne Etxebarriarekin.
  • 18:30 Lotxo taldea.

IRAILAK 8, BARIKUA

  • 10:00 Kalejira Jaizalerekin.
  • 17:00 Gertufest, Santo Tomasen.

IRAILAK 9, ZAPATUA

  • 19:00 Tortilla txapelketa.
  • 20:30 Tortillak aurkeztea.
  • 21:30 Herri afaria.
  • 22:30 Xaibor.

IRAILAK 10, DOMEKA

  • 10:00 Kalejira Jaizalerekin.
  • 11:00 Umeen jolasak plazan.
  • 13:30 Igel txapelketa plazan.
  • 14:30 Jubilatuen bazkaria.
  • 17:30 Mus txapelketa Argintxun.
  • 17:30 Partxis txapelketa plazan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!