Eredu kooperatiboaren bidez Izurtzan etxebizitzak egiteko interesa du lagun talde batek

Joseba Derteano 2022ko mar. 30a, 09:06
Etxebizitzak eraikiko liratekeen lursaila. Bitaño auzorako sarreraren ondoan dago.

Ostegun honetan batzar ireki bat egingo dute Izurtzan proiektua herritarrei aurkezteko.

Izurtzan, Garauntza lez ezagutzen den inguruan kooperatiba ereduaren bidez kudeatuko litzatekeen etxebizitza proiektua sustatzeko saiakera bat baino gehiago egin du udalak azken hamarkadan, baina ezin izan du gauzatu. Baina orain proiektua berpizteko aukera dago. Lagun talde batek inguru hartan eredu kooperatiboaren bidez etxebizitzak egiteko interesa erakutsi du eta udalagaz hartuemanetan dago azken hilabeteetan.

Garauntza inguruko lursailak udalarenak dira. Beraz, udalak lurren erabilera lagako lioke lagun talde horrek sortutako elkarteari, honek proiektua aurrera eraman dezan. Interesa erakutsi duten lagunak Durangaldekoak dira. Izurtzako Udalak proiektua herritarrei aurkezteko eskatu die, interesa duen izurtzarrik balego egitasmora batzeko aukera izan dezan. Batzar hori bihar, eguenean, 19:00etan, egingo dute Izurtzako erabilera anitzeko lokalean. Egitasmoa gauzatzeko arlo horretako ordenantza moldatu behar du udalak eta horri begirako ekarpenak jasotzeko ere baliatuko dute batzarra.

Udala behin baino gehiagotan saiatu da eredu kooperatiboaren bidez Izurtzan etxebizitzak eraikitzen. 2013-14 inguruan egindako ahalegina da horren adibide. Proiektu hura ez zen aurrera irten. Ondoren, 2017an, etxebizitza tasatuak sustatzen ahalegindu ziren. Promotoreen interesa erakartzea zen helburua, baina saiakera hark ere ez zuen fruiturik eman.

Biztanleriaren beherakada geratzeko

Azken urteetan Izurtzako biztanleria behera joan da eta joera hori "aldatzeko" eta "herriari bizia" emateko proiektu interesgarria dela uste du Lorea Muñoz alkateak. 2021ean 254 lagun bizi ziren Izurtzan, 2004an zegoen kopuru berdina, Eustat-eko datuen arabera. 2013an biztanle kopurua 292an zegoen.

IZURTZAKO BIZTANLERIA 2001-2022

  • 2001: 245
  • 2002: 250
  • 2003: 253
  • 2004: 254
  • 2005: 252
  • 2006: 251
  • 2007: 248
  • 2008: 264
  • 2009: 263
  • 2010: 271
  • 2011: 280
  • 2012: 282
  • 2013: 292
  • 2014: 287
  • 2015: 263
  • 2016: 251
  • 2017: 269
  • 2018: 288
  • 2019: 289
  • 2020: 287
  • 2021: 254

*Iturria: www.eustat.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!