Kooperatiba bidezko bizilekuetarako zerrenda eskualdera ireki dute

Anboto 2014ko mar. 27a, 13:07

Garauntza lez ezagutzen den inguruan kooperatiba ereduaren bidez kudeatuko litzatekeen etxebizitza proiektua sustatzen dihardu udalak azken urteetan. Bazkide berrien bila dihardu udalak eta izen-ematea Durangaldeko biztanleei zabaltzea erabaki du. Eraikin berriak hamalau etxebizitzarako tokia izango luke.

Proiektuan parte hartu gura dutenentzako izen-ematea amaitu ostean, hamabi izurtzarrek erakutsi dute interesa. Baina epe luzera egitasmoaren bideragarritasuna bermatzeko, udalak beharrezko ikusten du falta diren bizileku bietarako bazkideak bilatzea, eta interesatuen ahalik zerrenda zabalena osatzea. Horregatik, eskualdera ireki dute izena emateko aukera.

Beraz, izen-ematea ez dago Izurtzan erroldatuta daudenei bakarrik mugatuta, nahiz eta horiek beti lehentasuna izango duten. Lehentasun mailan hurrengoak Izurtzan erroldatuta egon direnak, edo euren senitartekoak izango dira; ondoren, herrian bizi arren, erroldatuta ez dauden bizilagunak; eta, azkenik, oro har, Izurtzan erroldatuko liratekeen Durangaldeko bizilagunak. Proiektuaren gaineko informazio gehiago gura duena astegunetan Izurtzako udaletxetik igaro daiteke (11:00etatik 15:00etara) edo 946 813 548 telefonora deitu dezake. Proiektua gauzatuta, “etxebizitza berrien gabeziaren ondorioz, azken urteetan Izurtzak pairatutako despopulatzea eragotzi gura dugu”, dio Luis Ballarin alkateak.

Kooperatiba bidezko eredua zabalduta dago Europako hainbat herrialdetan: Frantzian, Alemanian, Suedian eta, batez ere, Danimarkan. Ezaugarrietako bat da etxebizitzak kooperatibarenak izango liratekeela; bazkideek bizilekuen erabilera lagapena izango lukete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!