Durangaldeko Bertso Eskolak antolatuta irailaren 19an 'Basamakatzak urdinsagarrari: Areitiori esker onez' ekitaldia egingo dute. "Ez da omenaldi bat, bere lana eta bertsolaritzan egindako ibilbidea aitortzeko eta eskertzeko ekitaldi bat baizik. Badaude gizarteagatik gauza iraultzaile edo berriak egiteagatik omentzen dituzten pertsonak, jaioterritik hasi eta eragin duten espaziorik handienetaraino. Eta badaude, inguruan iraultzarik edo berritasunik eragin ez, baina inguruan maitatuak eta ezinbestekoak diren pertsonak. Gure albotik umil eta zarata handirik egin barik igaro, baina bihotzeraino iristen zaizkigun pertsonak. Eta horietako bat da Juan Mari Areitio Elkoro", azaldu dute prentsa ohar bidez Bertso Eskolako kideek.
Iurretako plazan Bertso Eskolak antolaturik eta Iurretako Kofradien laguntzarekin egingo den ekitaldian Areitiorekin batera gonbidatu bereziak izango dira: Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Alaitz Areitio. Gainera, giroa alaitzen Gorka Valdes eta Hektor Folk egongo dira.