[ARGAZKI GALERIA] Omenaldi hunkigarria Juan Mari Areitiori Gerediagako jaietan

Anboto 2025ko abu. 3a, 19:55

Bertsolari ezagunak lotura estua izan du auzo honetako plazagaz. Gerediagako jaietako bertso saioaren aurretik bertsozaleen esker ona jaso zuen, atzo iluntzean.

Juan Mari Areitio bertsolariak omenaldi hunkigarria jaso zuen atzo, Gerediaga auzoko jaietan. Bertso saioaren aurretik, bertaratutakoen esker ona jaso zuen 60 urteko ibilbidean egindako lanagatik.

“Plaza horretan hainbat urtez bertsotan aritutakoa da Areitio. 70eko hamarkadan Arregi eta Mugartegirekin, egin zuen bertsotan. 80ko hamarkadan Mañukorta eta Txiplasekin. Eta 90eko hamarkadan, Iratxe Ibarra, Jon Sarasua, Jokin Sorozabal, Aritz Lopategi eta beste hainbat bertsolarirekin", azaldu zuten omenaldian. "Pertsona zintzoa zarelako jendearen esker ona irabazi duzu. Hurbileko sentitzen zaitugu", nabarmendu zuten Gerediagako jai batzordeko kideek. Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak makila eman zion Areitiori eta Maite Abendibar auzokideak txapela. Areitiok bertsotan eskertu zuen omenaldia. Taula gainean zeuden bertsolarien eta bertsozaleen txalo zaparradagaz amaitu zen ekitaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!