Maiztegi herri eskolako guraso elkarteak udalaren "gardentasun falta" salatu du, Iurretan

Anboto 2025eko azaroaren 26a

Iurretako udaletxeko pleno aretoa lepo bete da arratsaldean, Maiztegi herri eskolako jolastokia eraldatzeko proiektua gauzatu dadin eskatzeko. Guraso elkarteak mozioa aurkeztu du, EH Bilduk gaia urgentziaz landu dadin eskatu ondoren. EAJk aurka bozkatu du, eta idatziak ez du aurrera egin. EH Bilduk eta PSE-EEk mozioa babestu dute.

Maiztegi herri eskolako jolastoki inklusiboaren proiektua "lehenbailehen" eta "modu gardenean" aktibatu dadin gura du Maiztegi Guraso Elkarteak. Horretarako, udalak eskolarekiko dituen konpromisoak "argitzea" eta "betetzea" gura dute. "Gezurrak albo batera utziz, udalak informazio zehatza, osoa eta fidagarria eskaintzea", gura dute, helarazitako oharrean azaldu dutenez. Bide horretan aurkeztu dute idatzia Iurretako Udalean.

Maiztegin ikasten duten 320 haurrek eskola "duin" eta "segurua" izateko eskubidea dutela nabarmendu du guraso elkarteak,  eta hori bermatzea erakunde publikoen "betebeharra" dela gogoratu. Eskola "benetako lehentasun" bihurtzea eskatzen diote udalari, eta dauden premiei erantzun bat ematea. Izan ere, eskolak mantentze-lan eta inbertsio "behar larriak" dituela diote: "Jolastokiaren egoera larria da eta konpondu gabeko egiturazko arazoak daude". 

Guraso elkarteak udalaren "gardentasun falta" salatu du oharrean, "kontraesanak" eta "egiaztatzerik gabeko informazioa" jaso dutela nabarmenduz. Era berean, helburu argia dutela diote: "gure seme-alabek eskola duina, segurua eta behar bezala hornitua izatea". 

Eskola-patio inklusiborako proiektua

Udalak eskola-patio inklusiboaren proiektua abiatuko zela iragarri zuen, iazko azaroan.  "1,2 milioi euroko proiektua hiru fasetan garatuko zela esan zuen, eta lehenengo fasea 2025ean gauzatuko zela,  750.000 euroko inbertsioagaz", argitu du guraso elkarteak. "Hala ere, prozesu parte-hartzailea eten egin dute, proiektua bi fasetara murriztuz eta proiektua bera moldatuz". Gaineratu dutenez, udalak adierazi die Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza ukatu egin duela. "Ondorioz,  2029ra arte arte ez dela ezer egingo dio udalak. Eta, orduan egitekotan ere, dirulaguntza jasoko balu bakarrik gauzatuko duela". Bestalde, oharrean argitu gura izan dute, azken 12 urtean eskolarako erabili diren 800.000 euroak ez direla "egiazko inbertsioak", diotenez, "urteko gastu arruntetan banatzen direlako". 

EAJ "elkarlanerako borondatea" berretsi du. Aldi berean, argitu du udalaren eskumena ikastetxearen mantenura mugatzen dela eta inbertsioak Jaurlaritzaren ardura direla. Hala ere,  Zorione Fundazuri alkateordeak azaldu duenez, "udalak bere gain hartu ditu hainbat inbertsio". 2016tik 2025era bitartean, gastu arruntetan, 1,3 milioi eurotik gora bideratu direla nabarmendu du. Era berean, eskolagaz lotutako hainbat jarduera diruz lagundu direla gaineratu du. Jolastokia eraldatzeko proiektuagaz lotuta azaldu duenez, "diru-laguntzak %80tik %60ra jaitsiko zirela jakinda egin genituen moldaketak". Dena den, txintxaunak konpontzeko diru-partida lotuko dela adierazi du.Oskar Koka alkateak adierazi duenez, "aurrekontuak erabakitzea udalbatzarrari dagokio, eta egindako eskarien inguruko informazioa dute zinegotzi guztiek". Hala ere, hezkuntza foroa sortzeagaz eta aldiro batzarrak egiteagaz ados azaldu da.

EH Bildu eta PSE-EEren babesa

EH Bilduk nabarmendu duenez, "eskola komunitate osoa, eta bereziki guraso elkartea, herria aberasten duten eragileak dira, eta udal gobernuak ez du ulertu horiek duten indarrak. Alde bakarreko erabakiak hartu dira, atzean dagon indar sozial eta komunitarioa aintzat hartu barik". Ziortza Duñabeitia zinegotziak nabarmendu duenez, "gobernu taldeak finantzaketa berme bat izan gabe iragarri zuen proiektuaren gauzatzea". Azaldu dutenez, "udalak aurtengo apirilean eskatu zuen dirulaguntza, eta uztailean jakin zuten Jaurlaritzak hori ukatu zuela". PSE-EEko Julen Callejaren ustean, ·eskari "legitimoak" dira guraso elkarteak egindakoak, eta "eskolan dauden arazoiei erantzuteko komunikazioa falta da".

Udalaren "gardentasun" eta "komunikazio falta" salatu du guraso elkarteak helarazitako idatzian. "Prentsara jo arte, udalak ez digu bilera-proposamenik luzatu ezta guk eskatutako bilera proposamenei erantzun ere. Askotan esan arren ateak zabalik daudela, praktikan guraso elkarteak eskatu behar izan ditu batzar guztiak". Eskola-hezkuntza-herria foroa osatzeko eskaera egin dute, "baina, udalak ez du inolako prestutasunik agertu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!