Udalak Maiztegi eskolagaz konpromiso "sendoa" duela dio gobernu taldeak

Aitziber Basauri 2025eko azaroaren 24a

Oskar Koka alkateak jakitera eman duenez, "udalaren baliabideak urriak dira eta proiektu aurrera eramateko finantzazioa lortzeko lanean ari gara". Gobernu taldearen helburua da eskolako jolastokia eraldatzeko proiektua hainbat fasetan gauzatzea.

"Gure eskolagaz konpromiso sendoa dugu eta proiektu garrantzitsu hau aurrera eramateko konpromisoa beteko du". Horrela eman du jakitera Iurretako alkate Oskar Kokak, ohar baten bitartez. "Hala ere, udalak ezin du hain kostu handia bere gain hartu, herrian beste behar garrantzitsu batzuk ere badaudelako. Hala nola, kultur etxea, gaur egun gabezia eta itogin asko dituena, eta urtean 1.000 pertsonatik gora hartzen dituena askotariko ekintzatan", gaineratu du Kokak. Iurretako alkateak nabarmendu du udalaren baliabideak "urriak" direla eta finantzazioa lortzeko lanean ari direla. Eskolako jolastokia eraldatzeko proiektua hainbat fasetan gauzatzea du helburu gobernu taldeak.

Jolastoki inklusiboa, etorkizunean Maiztegi eskolan garrantzi handia izango duen proiektua aurrera garatzeko "inplikatutako eragile guztien parte-hartzea eta diru-kopuru handia" behar direla adierazi du alkateak. "Beraz, denbora eta plangintza behar dira, eta udalak ildo horretan dihardu lanean, guar egun". 

Gobernu taldeak adierazi duenez, "udalaren ateak beti egon direla zabalik bai ikastetxeko lehenagoko zuzendaritzarentzat bai oraintsu berri den zuzendaritzarentzat. Jakina familientzat ere bai". Gaineratu dute eskola-komunitateko eragile guztiekin berba egiteko eta eskolak dituen "behar guztiei" erantzuteko prest daudela. "Izan ere, Iurretako eskola beti izan da lehentasunezkoa guretzat. Horregatik beti dugu eskua zabalik".

Proiektu handiak martxan jartzen diren bitartean, udalak eskolan inbertitzen eta premiei erantzuten jarraitzen duela dio gobernu taldeak. "Momentu honetan ordezkatu beharreko haur-jolas bat dago, baina eskolako zuzendaritzak aurrekontua bidaltzeko zain gaude dagokion izapidea egin ahal izateko. Horretarako dirua gordeta dago, baina informazio hori falta zaigu". Bestalde, Kokak nabarmendu duenez, "Jaurlaritzari dagokio inbertsioak egitea, hala nola sukaldea edo lehenago igogailua jartzea. Udalaren eskumena da inbertsio horiek mantentzea".

800.000 euro inguru

Udal agintariek nabarmendu dutenez, azken 12 urteetan eskolan 800.000 euro inguru inbertitu dira. Besteak beste, estalkia ordeztu dute, panel fotovoltaikoak jarri dira, irisgarritasuna eta jasangarritasuna hobetu dira, leihoak berritu dira eta umeentzako jolasak jarri dira. "Horrez gain, zuzendaritzagaz eta familiaekin aktiboki lagundu dugu hainbat jarduera eta ekitalditan". Bestalde, diotenez, urtero eskolan egiten diren inbertsioez gain (70.000 euro) beste 15.000 euro bideratzen dira eskola-komunitateak egindako jarduerak diruz laguntzeko. "Guzti hori gastu arrunta eta mantentze-gastuak kontutan hartu gabe: urtero, 150.000 euro inguru". Gobernu taldeak dio bide horretan jarraituko duela lanean.

Kokak gogoratu bai eskolako zuzendaritzagaz, bai familiekin aldian-aldian bilerak egitea proposatu dutela, "gaizki-ulerturik egon ez dadin eta guztiok batera lan egin dezagun".