Durangoko kirol eta kultur azpiegitura publikoak erabiltzeagatik tarifa altuagoa ordaintzen dute Durangon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek. Horren aurrean, Iurretako Udalak prezioak berdintzea eskatuko dio Durangoko Udalari. Horrela erabaki du udalbatzarrak, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu ondoren. Egoerari konponbidea emateko bitartekaritza lana egiteko konpromisoa ere hartu du.
Orain arte, iurretarrek sobran ordaindutako dirua berreskuratu dute, udalak emandako diru laguntzaren bitartez. Aurten, ordea, laguntza hori eten du udalak, 2023ko uztailean Auzitegi Gorenak emandako epai batean oinarrituz. Horrek ardura sortu du herrian eta sinadura bilketa ere egin dute. Gobernu taldeak ohar batean arrazoitu duenez, "epaiak dio udal batek ezin duela alde kuantitatiborik ezarri udalaren kirol-instalazioak erabiltzeagatiko tasan, erabiltzaileak udalerrian erroldatuta dauden edo ez kontuan hartuta".
Herritarren kezkagaz bat
Bai EH Bilduk bai EAJk herritarren kezkagaz bat egin dute. EH Bilduk salatu duenez, "ez da bidezkoa Durangon erroldatuta ez dauden herritarrek euren herrian ez dituzten zerbitzu publiko batzuengatik tarifa desberdinak ordaindu behar izatea, eta alderdi zein erakundeoi dagokigu egoera konponbidera eramatea". Diotenez, "Durangok ez du legea betetzen eta egoera bideratzen laguntzeko prestutako agertu gura dugu".
Oskar Koka alkateak jakitera eman duenez, "hainbat bider eskatu diogu Durangoko Udalari Auzitegi Gorenaren epaia bete dezan. Iaztik gaude egoera konpondu guran eta lanean jarraituko dugu". Azpinarratu duenez, "inoiz ez zaio utzi arazoa konpontzeko Durangoko Udalagaz harreman instituzionalak izateari, azpiegituren erabilera guztientzat berdina izan dadin, dela Durangokoa, dela Iurretakoa, dela Bizkaiko beste edozein udalerrikoa".