Gaur sinadura bilketa hasiko duzue herrian. Zer lortu gura duzue?
Montse Barrio: Durangon erroldatuta ez egoteagaitik bertako kiroldegia erabiltzeagaitik sobran ordaindutako dirua berreskuratzea eta prezioak berdintzea. Durangon erroldatutakoek eta erroldatu bakook tarifa desberdinak ordaintzen ditugu, eta Iurretako Udalak dagoen aldea ordaindu digu orain arte. Baina aurten ez ordaintzea erabaki dute. Esan digutenez, Durangori dagokio hori kudeatzea.
Marta Dordio: Iurretako Udala Auzitegi Gorenaren sententzia batean oinarritu da, 2023ko uztailaren 20koa. Ebazpenak dioenez, udal batek ezin du, erroldatzea arrazoituta, tarifa desberdintasunik ezarri frontoi, igerileku eta kirol azpiegitura publikoen gaineko tasan; ezta kontserbatorio eta musika eskola publikoen kasuan ere. Erroldatze irizpidea oinarri hartuta, prezio desberdinak ezartzea legezkoa ez dela dio. 2024an eta aurten sobran ordaindutakoa bueltatzea gura dugu, eta azpiegitura publikoen prezioak berdintzea.
Iurretako Udalaren erantzunak harritu egin zaituzte?
M.D.: Asko. Iurretako Udalak bitartekari izan behar luke, baina eskuak garbitu eta dena gure esku utzi du. Legezkoa ez bada, zergaitik ez du ezer egiten?
M.B.: Iurretako Udalak sententziari buruzko paper bat eman digu, baina geuk mugitu behar izan dugu. Dena dela, ez dugu baztertzen Iurretako Udalera jotzea laguntasun eske.
Zelan batuko dituzue sinadurak?
M.D.: Herriko taberna eta komertzioetan sinatu ahalko da.
M.B.: Uste dugu jende asko dagoela egoera berdinean. Iurretan ez dugu udal kiroldegi eta udal igerilekurik, eta iurretar asko joaten dira Durangora. Sinadura asko batzea espero dugu.
Sinadurak batuta, zer egingo duzue?
M.B.: Durangoko Udalera eramango ditugu. Prezio diferentzia larregizkoa dela uste dugu.
M.D.: Inguruko herrietan ez da horrelakorik gertatzen. Ez dugu Durangoren jarrera ulertzen.