Durangoko udal azpiegiturak erabiltzeagatik tarifa altuagoa ordaintzen dute Durangon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek, eta prezio diferentzia hori ordaintzeko, Iurretako Udalak diru-laguntza eman izan du. Aurten arte diru laguntza hori kentzea erabaki du udalak Auzitegi Gorenaren epai batean oinarrituta. Horren aurrean sinadura bilketa hasi zuten Iurretan. Datorren maiatzaren 28an, Iurretako EH Bilduk mozioa aurkeztuko du udalbatzarrean, "tarifa-desberdintasunaren arazoa konponbidera eramaten saiatzeko".
Iurretako EH Bilduk ohar batean jakitera eman duenez, "salatu gura dugu Durangoko Udalak ez duela legea betetzen". Horren aurrean, Durangoko azpiegituren erabiltzaileen "kezka" ulertzen duela dio. Talde subiranistak dio "egoera bideratzen laguntzeko prestutasuna" erakutsi gura duela. Iurretako EH Bilduk nabarmendu duenez, "ez da bidezkoa Durangon erroldatuta ez dauden herritarrek euren herrian ez dituzten zerbitzu publiko batzuengatik tarifa desberdinak ordaindu behar izatea, eta alderdi zein erakundeoi dagokigu egoera konponbidera eramatea".
Bi eskari
EH Bilduk maiatzaren 28an Iurretan aurkeztuko duen mozioak bi eskari batzen ditu. Batetik, Durangoko Udalari eskatuko diote, zerbitzu publikoetan, Durangon erroldatuta ez daudenentzat erabakitako tarifa desberdintasuna kentzea. Bestetik, Iurretako gobernu taldeari erabiltzaileak babestea eta Durangoko Udalagaz bitartekaritza lana egitea eskatuko diote, "egoera konpondu ahal izateko".