Jon Irazabal historialaria hil da

Anboto 2024ko abu. 22a, 11:14

Urte askoan Durangako Azokaren zuzendaria izan zen. Durangaldeko historiaren inguruan ikerketa ugari egin zituen.

Jon Irazabal Agirre (Iurreta, 1960) historialaria hil da. 17 urte zituela hasi zen Gerediaga Elkartean eta ordutik elkartea eta bera ez dira banandu. 1982. urtetik 2018ra arte elkarteko kudeatzaile izan zen lehenengo eta historia teknikari lanetan jardun zuen gero. Besteak beste, Durangoko Azokako zuzendari lanetan jardun zuen 30 urtez. 

Azken urteetan jubilatuta egon arren, ez zion Durangoko historiaren inguruan ikertzeari utzi. Gerediaga elkarteak Irazabalen lana nabarmendu du: "Ekina eta borrokalaria izan da aldi berean. Bere ekiteari esker, Durangaldeak asko daki eskualdearen historiaz. Galdutako ohitura asko berreskuratzeko lan egin du, eskualdeko historian paper garrantzitsua izan duten pertsonei izena ipini die, gerra zibilean gertatutakoa azaleratu du, eta Durangerriaren jatorriaren zabalkundean jardun du". 

Ikerlari nekaezina

Durangoko bonbardaketaren inguruan ezer gutxi ezagutzen zen sasoian Irazabalek gertaera latz hura ahanzturatik atera zuen. Gai horren inguruan hainbat lan kaleratu zituen. Erretiroa hartu ostean ere, artxiboetan arakatzen jarraitu zuen.

2019an Martxoaren 31ri buruz bere azken liburua kaleratu zuen iurretarrak. Gai honi buruz 2001ean kaleratu zuen bere lehenengo liburua. Harrezkero, ikerketa ildo berriei jarraitu zien. Informazio gaurkotuagaz liburua kaleratu zuen orain bost urte. Argitalpen guztiak guztiak daude jasota Gerediaga Elkartearen Dokumentategian.

Irazabalen beste ezaugarrietako bat iurretar peto petoa izatea zen. Bere herriaz harro zegoen eta baita iurretar izateaz ere. Dantzenganako zaletasun berezia zuen eta aditua zen. Arlo horretan ere errekonozimenduak jaso zituen. 2019an Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak kulturgile iurretarra saritu zuen Durangaldeko folklore eta dantza tradizionalean egindako ikertze eta hedatze lanagatik. "Zortekoa izan naiz, kultura ofizio izan dudalako. Meritua, baina ez da nirea bakarrik. Lantegian zortzi orduz lanean egon eta gero dantzari heltzeko gogoz egon diren guztiena ere bada", azaldu zuen iurretarrak saria jasotzerakoan. 2015eko Durangaldeko Ezpatadantzarien Egunean ere merezitako omenaldia egin zioten dantzariek eta elkarteak berak. 

Historialari moduan eginiko azken lana Markel Onaindia kazetariagaz kaleratu zuen, Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen liburua.

Irazabal ANBOTOn

Irazabalek ANBOTOrenganako gertutasuna eta babesa sarritan agertu zuen. Zutabegile jardun zuen urte askoan. Albiste eta gai ugari lantzerakoan aditu moduan sarritan kolaboratu zuen. Izan ere, memoria historikoa lantzeaz gainera, memoria pribilegiatua zuen datuez oroitzeko. Datak, gertaerak, izenak, argazkiak... bere artxibo partikularrean gorde eta gogoratzen zituen. Durangaldeak asko zor dio Irabazali, baita hedabide honek ere hainbeste urtean egindako lanarengatik.

Hileta elizkizuna

Jon Irazabal Agirreren hileta elizkizuna bihar, abuztuak 23 izango da,  arratsaldeko 18:00etan, Iurretako Mikel Goiaingerua Deunaren Eliz  parrokian izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!