Iurretako kofradien memoria bizia jaso dute liburu eta bideo banatan

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 6a, 13:03

Lekukotasunak, datu historikoak, argazkiak, emakumeen bat egitea, desanexioan izan zuten garrantzia,... Kofradien iragana eta anekdotak argitalpen batean jaso dituzte. Jon Irazabal historialariak eta Markel Onaindia kazetariak ondu dute liburua.

Gerediaga elkarteak eta Iurretako kofradiek Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen izeneko liburua aurkeztu dute goiz honetan. "Lan historiko hutsetik harago" doan argitalpena da, "kofradiak herritarrenak direla erakusteko" ahalegina, Iurretako kofradietako presidente Gorka Lazkanok esan duenez. Liburua Jon Irazabal historialariak eta Markel Onaindia kazetariak idatzi dute elkarlanean. Datu historikoak aletzeaz arduratu da lehenengoa, eta lekukotasunak, anekdotak, gertakariak, ekarri ditu bigarrenak.

Irazabalek kofradien iragana idatzita uztearen garrantzia azpimarratu du. "Izan ere, kofradien historia ahozkotasunean oinarritu da hein handi batean. Eta ahozko historia hori galdu egin dugu neurri batean. Oso gutxi ikerturiko gaia da. Oso dokumentu gutxi dago kofradien inguruan", aitortu du. Hori dela eta, testigantzak jaso dituzte "lekukoak joan orduko". Markel Onaindiak bideoan hartu ditu lekukotasunok, eta kofradien historian izandako gertakariak, anekdotak, izan ditu ahotan. "Adibidez, kofradien basoetatik ateratzen zen etekin ekonomikoa gakoa izan zen telefono linea ekarri edo auzoetan funtzio garrantzitsua duten txoko gastronomikoak sortzeko". Era berean, Onaindiak gogora ekarri du Larrakozelai futbol zelaiaren jabetza kofradiena dela gaur egun, hain zuzen ere, kofradiek erosiriko baso lurretan eraiki zelako. 

Liburuan zehar, beste hainbat elementu topatu daitezke. Dokumentu historikoak, argazki zaharrak, kartel zaharrak eta Iñaki Irazabalek harturiko argazkiak ikus daitezke. Maketazio lanak Eñaut Aiartzaguena ilustratzaile iurretarrak egin ditu. Liburuko hitzaurrea Gerediaga elkarteko Izaskun Ellakuriagaik idatzi du.

Aurkezpena irailaren 14an

Liburua domekan egitekoa den Laixiar Zelaiko jaian salduko dute bost euroan. Astelehenetik aurrera, Iurretako kopistegian egongo da eskuragarri. Jendaurreko aurkezpen bat ere antolatu dute. Irailaren 14an izango da, datorren eguenean. Hiru aurkezpen saio egingo dituzte. 17:00etan, 18:30ean eta 20:00ean. Bertan Markel Onaindiak egindako 25 minutuko ikus-entzunezkoa ere proiektatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!