Bonbardaketari buruzko bigarren liburua kaleratu duzu. Argitalpen honek zein ekarpen egiten du gertaera horren inguruan?
Lehenengo liburua 2001ean kaleratu genuen. Oraingoan bonbardaketari buruz gaurkotutako argitalpen bat kaleratu gura genuen, herritar guztiek irakurtzeko modukoa.
Bonbardaketari buruzko informazio berriaz gainera, zuzenketak ere egin dituzue.
50. urteurrenean,1987an, erakusketa bat egin genuen Kalebarriako liburutegi zaharrean. Arrakasta handia izan zuen. Erakusketa horretarako film labur bat grabatu genuen testigantzekin. Filmoteka Nazionalean lorturiko irudiak ere bazituen. Erakusketa hartan, bonbardaketaren egileak alemanak izan zirela esan genuen. Alemanen hegazkinak ipini genituen maketa batean. Dokumentazio guztian Frente del Norte eta Gasteizko aireportua genituen ikerketagai. Baina, momentu batean, beste dokumentu batean Frente Centro Soria agertu zen. Konturatu ginen Soriatik irtendako hegazkinek Durango zein Madril bonbardatu zitzaketela kokapenagaitik. Manipulazio historiko horretaz konturatu ginen eta italiarren dokumentazioa irakurtzen hasi ginen. Zalantza dut garai hartako Jaurlaritzak ba ote zekien italiarrak izan zirela. Sasoi hartan, italiarrak alemanen aginduetara zeuden. Baina hegazkin desberdinak ziren. Sasoi hartan, Batikanoaren bitartez, Jaurlaritza Bizkaiko arazoari konponbide bat bilatzen zebilen italiarrekin. Beraz, Durangoko hilketak Italiari leporatuz gero arazoa sortu zitekeen. Hortxe sortzen zait zalantza.
Azken urteotan, Italiako abiazioaren inguruan ikertu duzu.
2001etik lerro nagusiak ezagutzen dira. Nork planifikatu zuen, nork egin zuen... Hala ere, zehaztasunak falta ziren. Izen-abizenak behar ziren Durangoko Udalak kereila aurkezteko. Hor ikusi genuen dokumentazio ugari zegoela Durango bonbardatu zuen aire unitateari buruz. Abiadoreen eta euren agintarien izenak aurkitu genituen.
Zein iritzi duzu Italiako gobernuaren erantzukinaren inguruan? Kereilak ez du aurrera irten.
Erantzukizunen harira, Alemaniako gobernuak gutuna bidali zuen Gernikara, garai hartako alemanek egindakoaren inguruan barkamena eskatzeko. Alemaniak desnazifikazio prozesu bat egin zuen gerra ostean. Italian, Ferdinando Raffaelli izan zen Durangoko bonbardaketaren zuzendaria eta begira zer gertatu den beragaz. Durangoko harakina esaten diot nik. Durango, Dima, Galdakao eta beste hainbat herri bonbardatu zituen. Bere hegazkinaren kanpoko aldean, bonbardatzen zituen herriak eta datak idazten zituen. Liburuan hegazkin horren argazkia dago. Bera harro sentitzen zen. Los caballeros del aire esaten zieten. Abiadoreek ez zuten hildakorik ikusten. Raffaelli hau oso inbentorea zen. Lehenengo, dronekin esperimentatzen ibili zen. Bigarren Mundu Gerran, faxismoarentzat lanean jarraitu zuen. Gerraren ostean, armadan jarraitu zuen eta 1954tik 1958ra bitartean Fuerza Aerea itailarreko burua izan zen. Kondekoratu egin zuten Italian, Alemanian eta Espainian. Esperimentatzen zebiltzan. Idatzietan ikusten da euren esanetan Durangok, Gernikak eta Eibarrek Poloniako herrietako egiturekin antzekotasuna zutela. Hurrengo gerretarako prestatzen zebiltzan.
Liburuan bitxikeria ugari agertzen da. Picassorena, esate baterako.
Urte hauetan, bonbardaketak Euskal Herritik kanpora izan zuen oihartzuna aurkitu dugu. Frantzian, Ingalaterran, Norvegian... Bitxikeria legez ezagutu dugu 1937ko maiatzaren 1ean Parisen lehenengoz ez zela egunkaririk kaleratu, grebagaitik. Baina Frantziako alderdi komunistako egunkariak liburuxka bat kaleratu zuen, Durangoko bonbardaketa salatzen zuena, eta manifestazio jendetsu horretan idatzi hori zabaldu zuten. Historialari batzuek diote Picassok liburuxka hori irakurri zuela egun horretan, eta maiatzaren 2an hasi zela Guernica margotzen. Lotura egon daitekeela diote Picassoren inspirazio horretan.
Azken ikerketa hilerriko hobi komunen ingurukoa da.
1988an film bat egin genuen eta, lurperatzaileari galdetuta, hildakoak non lurperatu zituzten esan zigun. Ez zitzaigun bururatu galdetzea ea han jarraitzen zuten. Prospekzioa egiterakoan konturatu gara orain ez daudela bertan. Bat panteoi batera eraman zutela konturatu gara, beste batek dio bere aita hamar urtera atera zutela. Gune hori hamar urtera hutsitu ahal izan zuten. Udaletik familiei gutunak bidaltzen zizkieten, eta, beraz, posible da erantzun zuten familiekin prozesu hori egin izana eta gainerakoa hezurtegira eramatea. Udaleko artxiboan dagoen dokumentazioan begiratu beharko litzateke, jakinarazpenak bidali baziren kopia bat hantxe egon daitekeelako. Artxibo lan hori egiteko dago. Gainera, udalak memoriarako espazio bat sortu gura du hilerrian, hobi komuneko 84 pertsonak oroitzeko. Gainera, kanposantuan kapera eta atzeko kanpaia daude, eztabaida sortu dutena. Hor udalak badu lan bat, globalki dena batu eta batasun bat emanda gerran hildakoen oroimenerako toki bat sortzeko.