Gurutze Fradesek Euskadiko kros txapelketa irabazi du

Anboto 2024ko urt. 15a, 09:06
Oihane Irusta, Gurutze Frades eta Izaro Aranburu Gasteizko podiumean.

Bidezabaleko Oihane Irusta durangarra bigarren izan da eta Durango Kirol Taldeko Izaro Aranburu hirugarren.

Atzo Euskadiko kros txapelketa lehiatu zuten Gasteizen eta emakumeetan Bilbao Atletismo taldeko Gurutze Frades txapeldun geratu zen. Atleta iurretarrak 41:21eko denboran osatu zuen 10 kilometroko ibilbidea. Podiuma Bidezabal taldeko Oihane Irusta durangarrak eta Durango Kirol Taldeko Izaro Aranburu aulestiarrak osatu zuten. Juniorretako etapa amaituta, Aranburuk lehenengoz parte hartu zuen senior mailako proban eta ezustekoa eman zuen podiumera igota.

Ohikoa da Fradesek kros txapelketetan parte hartzea, geroago hasiko den duatloi eta triatloi denboraldirako prestakuntza moduan. Esaterako iaz Bizkaiko txapelketa irabazi eta Euskadikoan brontzezko domina eskuratu zuen. "Iaz Bizkaiko txapelak ilusio handia egin bazidan zer esanik ez aurten Euskadikoa irabazi izanak. Egun ona izan dut. Asko gustatu zait txapelketa egin den tokia eta asko gozatu dut", adierazi du Fradesek bere sare sozialetan.

18 urtez azpiko mailan, berriz, Bidezabal taldeko Axpe Aja ermuarra azpitxapeldun geratu zen (21:22) Tolosa taldeko Idoia Arrospideren atzetik (21:19). Azkenik, errelebo mistoetan bigarren amaitu zuen Durango Kirol Taldeko Jon Ander Eturak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!