Smurfit Kappak dioenez, kare-labeak eta gasak tratatzeko sistema berriek Europako araudia beteko dute

Anboto 2023ko mar. 1a, 11:28

Smurfit Kappak berak baieztatu du lantegiko instalazioetan "kare-labe bat eta gasak tratatzeko sistema bat" eraikiko dituztela, ekoizpen prozesuan sortzen diren "kaltzio karbonatoaren hondakinak" kare bihurtu, eta kare hori bera ekoizpen prozesura bueltatuta berrerabiltzeko. Hondakinak zabortegira bidaltzea ekidingo dutela azaldu dute.

Azken asteotan paper fabrikako labe berriaren inguruan egondako ika-mikaren harira, Smurfit Kappa paper fabrikak eskuartean duen proiektuari buruzko informazioa kaleratu du. Paper fabrikatik baieztatu dutenez, instalazioan bertan "kare-labe berri bat" eta "gasak tratatzeko azken belaunaldiko sistema" eraikitzea aurreikusi dute. Azpiegitura horrekin, lantegiko ekoizpen prozesuan sortzen diren "kaltzio karbonato hondakinak" kare bihurtzea gura dute, gero, kare hori ekoizpen prozesura bueltatu eta lehengai modura erabiltzeko. Modu horretan, ekoizpen prozesuari dagokion "sistema zirkularra" zarratu gura duela azaldu du Smurfit Kappak. Lantegiko iturrien esanetan, horrek "eragin positiboa" izango du "karbono aztarnan, 75.000 tona hondakin ez baitira zabortegira bidaliko, eta urtean errepideko garraioan 450.000 kilometro inguru ezabatu" egingo direlako. Paper fabrikak 27 milioi euroko inbertsioa egingo du azpiegitura berrian. 

Paper fabrikako iturriek gaineratu dute gasak tratatzeko sistema berriak "erabat" betetzen dituela Europako zuzentaruek ingurumen-emisioei buruz markaturiko baldintzak. Horrez gainera, instalazioa "Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatea kontrolatzeko sarera" konektatuta egongo dela aurreratu dute, "neurgailu jarraituak fabrikako gainerako instalazioak bezalaxe". "Kare-labe berriari esker, eraginkorragoak eta iraunkorragoak izango gara, eta horrek, aldi berean, gure langileei zein lan egiten dugun komunitateari mesede egingo die. Inbertsio horrek iraunkortasunarekiko eta ekonomia zirkularrarekiko dugun konpromiso argia berresten du, eta oinarri sendoa ezartzen du, fabrika horren epe luzeko etorkizuna bermatzeko", adierazi du Rafael Sarrionandiak, Iurretako Smurfit Kappa Nervioi lantegiak.

Smurfit Kappak 48.000 behargin ditu mundu zabaleko 36 herrialdetan. Bera da mundu mailan paper-bilgarrien hornitzaile naguesitako bat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!