EH Bilduk airearen kalitateari buruzko eztabaida mahai gaineratu du. Iurretako, Durangoko eta Zornotzako ordezkari politikoek "paper fabrikan egiten ari diren labearen inguruko argibideak eskatu dituzte" Jaurlaritzan eta Iurretako Udalean. Koalizioak "zalantza" du, obra berri horrek eskualdeko airearen kalitateari eragin diezaiokeelako. Papera egiteko prozesuan sortzen diren hondakinak labe horretan erraustuko ote diren galdetu du EH Bilduk. "Hori horrela bada, zein eragin izango du horrek inguruko biztanleok arnasten dugun airean? Hau al da airearen kalitatea hobetzeko modua?", galdetu dute.
Koalizioaren berbetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpi paper-fabrika daude, eta lantegi horien guztien hondakinak Bergaran eraikitzen dabiltzan Valogreen Paper erraustegian tratatuko dira. Baina Iurretako paper-fabrika "ez dago zazpi enpresa horien artean", EH Bilduren arabera. Hori dela eta, Iurretako hondakinekin zer gertatuko den galdetu du koalizioak. Bestalde, Tecnaliak Durangoko Udalarentzat egindako txostena gogoratu du EH Bilduk. Txosten haren arabera, Durangoko eguratsean bentzeno isurketa esanguratsuak identifikatu zituzten 2019 eta 2020 artean. 2019ko abenduan metro kubikoko 700 bentzeno mikrogramo detektatu zituzten.