Paper fabrikako labe berria dela eta, Durangoko Udalak informazioa eskatu die Iurretako Udalari eta Jaurlaritzari

Anboto 2023ko ots. 25a, 08:00

Durangoko Udalaren arabera, Smurfit Kappa paper fabrika "51 metroko kare labe berria" eraikitzen dabil "bere instalazioetan". Azpiegitura berriak airearen kalitateari eragin ote diezaiokeen "kezkatuta", informazioa eskatu dute. Iurretako Udalak erantzun du Durangoko Udala "polemika artifizialak" sortzen eta "airearen kalitatea bezalako gai garrantzitsu batekin politika egitera" jolasten dabilela.

Durangoko Udalak bilera bat eskatuko dio Iurretako Udalari, paper fabrikan eraikitzen dabiltzan labe berriak "airearen kalitatean eta pertsonen osasunean" izan dezakeen eraginari buruz galdetzeko. Horrez gainera, "labe berri honen isurketen eraginari" buruzko azalpenak eskatuko dituzte Eusko Jaurlaritzan. Iker Urkiza eta Neskutz Rodriguez zinegotzien iritziz, Durangoko zein Durangaldeko biztanleek "kezka handiz" bizi dute arnasten duten airearen "kalitate eskasa". Aste honetako datuak ipini dituzte adibide modura, Eusko Jaurlaritzak kudeaturiko neurgailuek airearen kalitatea "txarra" dela jaso dute-eta asteon. Gaiari "iskin" egitea leporatu diote Jaurlaritzari. Durangoko Udalaren arabera, iazko apirilean, Ingurumen Sailak "Ingurumen Baimen Integratua aldatzea onartu" zion paper fabrikari, bertan kare-labe berria jartzeko. Urte bereko maiatzean, "Iurretako Udalak obra lizentzia eman zion enpresari", labea eraikitzeko. 

Iurretako Udalaren erantzuna

Iurretako Udalak erantzuna eman dio Durangoko Udalak kaleratu duen mezuari: "Durangoko Udalean barne-komunikazioari loturiko arazoren bat izan behar dute haien teknikariekin, hiru administrazioetako teknikariak biltzen diren airearen kalitatearen mahai teknikoan Smurfiten obraren baldintzei eta betekizunei buruzko azakpenak eman baitzituzten Ingurumen Saileko teknikariek". Era berean, Udalaren eta EH Bilduren jarrera kritikatu dute, "administrazioaren lan zuhur eta eraginkorra" barik, "polemika artifizialak sortzea" eta "airearen kalitatea bezalako gai garrantzitsu batekin politika egitera jolastea" gurago dutelakoan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!