“Buruan buelta asko eman diot txapelketari; gogotsu nago parte hartzeko"

Anboto 2022ko mai. 1a, 11:50

Gurutze Fradesek Ironmanen munduko txapelketan parte hartuko du maiatzaren 7an, bere ibilbidean bosgarrenez. 2021eko txapelketa da, COVIDaren ondorioz, aurten arte atzeratu behar izan dutena. 2022koa urrian izango da eta han ere arituko da triatleta iurretarra. Baina lehenengo lehenengokoa. Martitzenetik, AEBetako Utah estatuko ST George herrian dago, hantxe lehiatuko delako txapelketa eta ez Konan (Hawaii) ohikoa den moduan. Hamabi egun ditu hango klimatologiara eta ibilbidera egiteko.

Hawaiin barik Utah-n da oraingoan txapelketa. Hango eguraldia, ibilbidea… hobeak ala txarragoak dira zure dohainetarako?
Ez da erraza esatea. Hitzordu desberdina izango da, egokitzapen egunetatik bertatik hasita. Parte hartzaile bakoitzak bere ezaugarriak eta dohainak dituenez, zelan moldatuko garen jakiteko gogo horregaz gaude denok. Hasteko, igeriketa saioa neoprenoagaz egingo dugu. Hawaiikoa neoprenorik barik izaten da. Aldez aurretik, horrek mesede egingo dit. Bizikletan, igoera bi daude amaiera aldera, eta korrikako tarteak ere badu desnibela. Eguraldiari dagokionez, tenperatura altuak edukiko ei ditugu. Hori guzti hori kontuan hartuta, iraupen luzeagoko lasterketa izango da eta horrek ere mesede egin behar lidake. Aurpegia eman dezakedala uste dut, baina sekula ez da jakiten. Beharbada faktore horiek guztiek gero neuri eragingo didate gehien. Oso lasterketa gogorra izango da eta munduko onenak arituko dira.

Berez, txapelketa iazko urrian egitekoa zen. Data aldaketa buruhaustea izan da prestakuntzari dagokionez?
Bai. Kontuan hartu behar da 2019tik ez dela egin munduko txapelketa. Urte bi daramatzagu plangintza konplexu bategaz, helburuak aldatzen eta prestakuntza eta sasoi fisikoa horretara moldatzen. Horrek, besteak beste, handitu egiten du lesioen arriskua. Oso zentratuta ibili behar duzu. Behintzat lan horrek emaitza onak eman ditu. Iaz ez zen txapelketarik egin, baina sasoi hartan maila onean aritu nintzen eta Ironman bitan 2022ko txapelketarako sailkapena lortu nuen. Esango nuke oraingo prestaketa ordukoaren jarraipen moduko bat dela. 

Prestaketa luzea itxaroten zenuen moduan joan da? Sasoi onean helduko zara txapelketara?
Bai, dena ondo joan da eta egunetik egunera kirolari hobea naizela uste dut. Sasoi onean nago erronkari aurre egiteko.

Zer helburu duzu?
Munduko txapelketa batean dudan posturik onena 15.a da. Nire anbiziorik handiena hamar onenen artean sailkatzea da. Helburu anbiziotsua da eta badakit oso gatxa dena, emakumeetan maila ikaragarria egoten delako, baina ahaleginduko naiz. 

2019an izan zen azkenengo munduko txapelketa. Parentesi hau luze egiten ari zaizu?
Buruan buelta asko eman diot munduko txapelketa honi. Ez dakit "luze" den berba, baina gogotsu nago parte hartzeko eta besteekin alderatuta non nagoen jakiteko. 

Ironmanen munduko txapelketa bi lehiatu behar dituzu urte berean. Posible da hitzordu biak ehuneko ehunean prestatzea ala aukeratu egin behar da?
Bai, prestatu daitezke. Lasterketa batzuetan partu hartu ez eta indarrak entrenamendura eta prestaketara bideratuta, asko pentsaturiko planifikazio zaindua aurrera eramanda. Azkenean, ez noa munduko txapelketetara antolatzaileek gonbidatu nautelako, lan handiaren ondoren sailkapena lortu dudalako baino. Biak ahalik eta ondoen lehiatu gura ditut eta horretarako nabil lanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!