Urriaren 14an patera bat hondoratu zen Cadizen, Trafalgar lurmuturraren inguruan. Hiru lagun bizirik agertu ziren, hamar gorpu aurkitu zituzten eta gainerakoak desagertuta daude. Gertakari latz horretan, Atxondon bizi diren hiru lagunen senitartekoak hil ziren, eta orain gorpu horiek aberriratzeko finantziazioa behar dute.
Hauei lagundu asmoz, Eñaut Aiartzaguena iurretarrak 'Bizitzak erdigunera' laminak jarri ditu salgai, Urluma markapean. Laminak A5 tamainakoak dira eta 20 euroren truke etxera bidaltzen ditu iurretarrak. Aiartzaguenak jakitera eman duenez, bidalketa gastuak kenduta, ataratako diru dena Atxondoko Harrera taldekoei emango die.
Laminak eskuratu gura dituenak 688 698 919 telefonoaren bitartez jar daiteke kontaktuan Aiartzaguenarekin.
Diru bilketa martxan
Atxondo Harrera Herria taldekoek ere diru bilketa jarri dute martxan. Diru bilketa senideak galdu zituzten atxondarrei laguntza eman eta hauen senitartekoen gorpuak aberriratzeko. Horretarako bonoak kaleratu dituzte eta kontu korronte zenbaki bat ere zabaldu dute: ES74 2100 4167 2721 0030 2262.