Joan zen asteburuan, jaso zezaketen berririk txarrena jaso zuten Soufiane, Bilal eta Sadik errefuxiatuek, Cadizen hondoratu zen panteran euren senitartekoak zeuden eta. ANBOTO senitartekoak galdu dituzten bigaz batu da, Soufianegaz eta Bilalegaz. Rachidek interprete lanak egin ditu. "Bagenekien etortzekoak zirena. Etxekoekin berba egiten dugu lantzean behin, eta euren notizien zain geunden. Zoritxarrez, berririk txarrena jaso dugu", adierazi dio Bilalek ANBOTOri. "Badakigu paterako bidaia oso gogorra eta luzea dena, gu ere horrela etorri gara eta. Hiru egunez, gau eta egun, itsasoan, hotza, euria... Ez da erraza. Eta horregaitik, senitartekoren bat edo lagunen bat datorrela dakigunean oso urduri egoten gara. Baina inor ere ez dago prest horrelako mezu bat jasotzeko", azaldu du Rachidek.
Bilali bost senitarteko hil zaizkio Trafalgar lurmuturraren inguruan hondoratutako pateran, eta Soufianeri hiru. "Sadiki emaztea eta bost urteko semea hil zaizkio. Sadikek ez zekien emaztea eta semea etortzekoak zirela, emazteak sorpresa bat eman gura zion eta", adierazi du Rachidek.
Rachidek ez du senitartekorik galdu Cadizeko gertakarian, baina etxean denak "lur jota" daudela azaldu du. "Guk ez daukagu etxeko inor hemen. Axpeko aterpetxean gaudenok familia bat osatzen dugu, eta baten ezbeharra denon ezbeharra da. Oso triste gaude denok", jarraitu du Rachidek.
Diru bilketa
Atxondon bizi diren hiru lagunek euren familiartekoen gorpuak aberriratzea dute helburu orain, baina, horretarako, dirua behar dute. "Gorpu bakoitza aberriratzea dirutza bat da eta ez daukagu horretarako gaitasunik", adierazi du Rachidek. Beraz, Atxondoko Harrera Herriko kideek diru bilketa bat hasi dute eurei laguntzeko.
Elkarretaratzea
Gaur arratsalderako Atxondoko Harrera Taldeak elkarretaratzera deitu du. Kontzentrazioa 19:00etan izango da, plazan.