Iurretako EH Bilduk bat egin du Durangaireak zapaturako deitu duen manifestazioagaz. Deialdiarekin bat egiteko arrazoien artean, Tecnaliak Durangoko Udalarentzat egindako ikerketa dago. Koalizioaren esanetan, txostenak dioena da "kutsadura iturriak Iurretan daudela", eta horrekin "agerian" gelditu dela "gaiaren larritasuna, beste behin ere".
"Itxurakeriak" egiteari uzteko, eta, gaia "seriotasunez" lantzen hasteko eskaria egin diote udal gobernu taldeari. Izan ere, koalizioaren iritziz, udal gobernuak "kutsadura fokuak identifikatzeko eta neurri zuzentzaileak ezartzen hasteko" eskaria egin beharko lioke Jaurlaritzari.
Manifestazioa zapatuan egingo da. Durangoko Landako Gunearen ondoko zabalgunean hasiko da 18:00etan, eta Iurretako plazan izango du bukaera.