Olaburuko frontoiari ‘Kepa Arroitajauregi Pilotalekua’ izena ipintzea eskatu dute Iurretako hainbat elkartek

Anboto 2020ko mai. 29a, 14:54

Herri ekimenetik sortutako proposamena da eta Kepa Arroitajauregirekin harremana izan duten hainbat elkarteren babesa du. Astelehenean erregistratuko dute eskaria Iurretako udaletxean.

Kepa Arroitajauregik pilota munduari egindako ekarpena balioan ipini gura dute Iurretako hainbat herritarrek eta elkartek. Omenaldi modura, gaur egun Olaburu izena duen frontoia ‘Kepa Arroitajauregi Pilotalekua’ lez izendatzea eskatu dute. Eskakizunaren sinatzaileek azaldu dute herri ekimenetik irtendako proposamen bat dela, eta Iurretako hainbat herritarrena izan dela ideia. “Pilotan zein herrigintzan, arlo askotan eginiko lanagatik merezi du Kepak herriaren errekonozimendua” azaldu dute. Maila profesionaleko pilotan egindako lana, trinketean egindakoa, gazteei eskainitako laguntza eta emakumeen pilota bultzatzeko lanak aipatu dituzte, besteak beste, errekonozimendu modura. 

Izena eta ondarea mantendu dadin

Kepa Arroitajauregiren izenak eta berak egindako lanak denboran iraun dezaten gura dute eskariaren sinatzaileek. “Gure haurrek, etorkizuneko pelotari gazteek, jakin dezaten nor izan zen Kepa Arroitajauregi Egaña. Bere ondarearen lekukoa, eskurik esku bizirik mantendu dezaten”, adierazi dute.

Eskaria babestu dutenak honako elkarte hauek dira: Iurretako kofradiak, Iurretako pilota eskola, Maiztegi eskolako gurasoen elkartea, Betibizi abesbatza, Oromiñoko auzo elkartea, Oromiñoko jai batzordea eta Iurretako jai batzordea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!