Ikasleek landatu eta zaindutako letxugak jan dituzte Iurretako Maiztegi eskolako jaian

Markel Onaindia 2019ko eka. 30a, 09:30

Maiztegi herri eskolan aspaldidanik daukate ortua, eta, batez ere, ikasle nagusiek erabili izan dute. Baina aurten Eskola Agenda 21eko gaia elikadura zirkularra izanik, gai hori jorratzea erabaki dute, Larraitz Zarrabeitia irakasle eta Eskola Agenda 21eko koordinatzaileak dioenez. 

"Aurten, 2 urtetik hasi eta 6. mailara arte denok pasatu gara ortutik. Batzuek letxuga ipini dute, beste batzuek mallukiak, patata...". Eskolakoagaz gainera, Iturburuko ortu publikoetan ere badute lursail bat. 

Ikasleek gurasoen eta aitita-amamen laguntzagaz landatu eta zaindutako 60 bat letxuga jan zituzten eskolako jaian. "Ekintza sinple honegaz, komunitate osoak parte hartu du", azaldu du Zarrabeitiak. Ekimenagaz Berton Bertokoaren filosofiagaz bat egin dute, gainera. 

Bestalde, konposta erabiltzen hasi dira, eta jaian soberan geratutakoa bertara bota dute, elikaduraren zirkulua zarratzeko. Gero, ortuan ongarri lez erabili ahalko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!