Elorrioko Institutuan ortuko lana hautazko ikasgai modura edukiko dute ikasleek

Markel Onaindia 2019ko eka. 30a, 10:00

Elorrioko Institutuan ibilbide luzea dute ingurumenari buruzko gaietan. Eskola Agenda 21etik aparte, eskola jasangarrien IRAES sarean eta Fridays For Future ekimenean ere parte hartzen dute institutukoek

Miren Bustingorri da IRAESeko arduraduna, eta Xabi Rodriguez Eskola Agenda 21ekoa. Aurrera begira, ildoan sakonduko dute: ortuko lana hautazko ikasgai modura edukiko dute DBHko 2. mailako ikasleek. Orain arte, normalean Hauspoa orduan –ordutegi jarraia dute, eta arratsaldez bestelako ekintzak eta errepaso klaseak ematen dituzte– ibili izan dira ortuan. Horrez gainera, aldaketa klimatikoak arboletan izan dezakeen eraginaz ere ikasgaia izango dute aukeran, Fenologia deiturikoa. 

"Ortuan batzen dena sukaldera eramatea izango da helburua, zero kilometrogaz eta Berton Bertokoagaz bat eginda", esan du Xabi Rodriguezek. Ortuko konpost ontzietatik aparte, jantokiko organikoa bosgarren kontainerrean batzen hasi dira aurten. Langileek izandako inplikazioa eskertu du Rodriguezek. "Eurek barik ezinezkoa litzateke", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!