Gezurtatu egin du Iurretako udal gobernuak kaleetan batutako zaborra bide bazterra botatzen dela

Aitziber Basauri 2019ko mar. 12a, 11:34

Iurretako garbiketa-zerbitzuek batutako zaborra, egunero, horretarako jarritako edukiontzietara isurtzen dela argitu du gobernu taldeak, eta EH Bilduk salatutako gertaerak ez direla egiazkoak nabarmendu du. Kaleak garbitzen ibiltzen den makinak batutako zaborra bide bazterrera botatzen dela salatu du EH Bilduk.

EH Bilduk salatu du eskoletako errepidearen bazterrera botatzen ari direla zaborra. Baina, Udal Gobernuak azaldu duenez, "kaleak garbitzeko makina garbitzen da leku horretan, uraz bakarrik, eta batutako zaborra dagokion edukiontzian deskargatu ondoren". Gaineratu dutenez, "ez da bidezkoa EH Bilduk udalaren eta bere garbiketa-zerbitzuaren aurkako salaketa larriak egitea, kontrastatu gabe, langileen zintzotasuna eta egindako lana zalantzan jarriz".

Udaleko garbitasunaren mantenuan egunero lan egiten dutela nabarmendu du udal gobernuak, "eskatutako araudi guztiak zehatz-mehatz betez eta zerbitzuaren kontrola behar bezala mantenduz". Eskatu diote EH Bilduri "kritikan zorroztasun eta egiazkotasun handiagoa" izatea, "eta behar bezala kontrastatu gabeko akusazio faltsurik ez isurtzea". Horri, "erabateko arduragabekeria" deritzoe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!