“Legeak aldatu egin beharko lirateke; errespetu gehiago merezi dugu”

Jone Guenetxea 2019ko mar. 1a, 09:29

Familia Ekuadorren utzita, lan bila etorri zen Julieta Narcisa Tomalá Díaz (Ekuador, 1960) Euskal Herrira, Iurretara. Gaur egun, etxeko langilea da Eibarren. Barneko langile moduan egiten du lan pertsona nagusi bat zaintzen.

Zelan erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?
Lehengusu bat hemen bizi zen eta gonbidapen gutuna bidali zidaten. Hau ezagutzera etorri nintzen, lan bila. Nire herrialdean egoera oso gogorra zen eta familia bertan utzita hona etortzea erabaki nuen.  19 urte daramatzat hemen dagoeneko. Oso harrera ona egin didate

Seme-alabak Ekuadorren gelditu ziren.
Bai. 38 urtegaz etorri nintzen eta lau seme-alabak han gelditu ziren. Gazteenak 17 bat urte zituen. Hasieran, diru apur bat bidaltzen nuen, baina hemengo lan egoerak ez du ematen diru asko bidaltzeko.  

Etxeko langileen arloan, prekaritatea da nagusi?
Egoeraz aprobetxatzen den jende asko dago. Ez dizkigute ordu libreak ematen eta soldata ere baxua da, orokorrean. Nire kasuan, emakume nagusi bat zaintzen nabil eta egun osoa ematen dut beragaz, barneko langile moduan. Zapatuetan libre dut, baina domeka gauean berriro sartzen naiz lanera.

Beste lan esperientzia batzuk izango zenituen.
Euskal Herrira heldu nintzenean, familia oso atsegin batean hasi nintzen lanean. Nire gustuko janaria ere erosten zidaten, gustura egon nedin.

Zuen lana baloratzen da?
Hona etorri nintzenean, zorte handia izan nuen tokatu zitzaidan familiagaz. Hala ere, orokorrean, lan hau ez da batere baloratzen.

Emakume askoren egoera aprobetxatzen dute lan esplotaziorako?
Bai, horrelako kasu asko  daude.

Lege aldetik ez duzue babesik.
Legeak aldatu egin beharko lirateke. Uste dut errespetu gehiago merezi dugula. Nik fabriketan ere lan egin dut, eta hau gogorragoa da. Fabrikan, behintzat, 10 minutu dituzu ogitartekoa jateko.

Bizitza sozialerako aukera gutxi izango duzu.
Zapatuetan irten eta hortxe dut denbora apur bat, besterik ez.

Zer egin daiteke etxeko langileen lan baldintzak hobetzeko?
Begirune apur bat izatea ondo legoke, batez ere barneko langileontzat. Denbora librea izatea garrantzitsua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!