“Hainbat eskaera lortu arren, oraindik arazoa dugu ratioekin”

Jone Guenetxea 2019ko mar. 1a, 09:30

Pilar Mazaga Azpitartek (Durango, 1954) Zornotzako Orue egoitzan lan egiten du. Jubilatzeko gutxi falta zaio, eta gaur egun zaintzaren eta matxismoaren artean dagoen lotura estuaz gogoeta egin du.

Noiztik ari zara zaintzan lanean?
18 urte daramatzat. Laster jubilatuko naiz.

Azken urteotan egoitzetako zaintzaileak mobilizatu egin zarete zuen lan baldintzak duintzeko. Zein egoera bizi duzue?
Greba oso luze eta gogorra egin genuen. Batzuek ez zuten greba egin, eta tentsioa sortu zen. Hala ere, lortu genuena denontzat izan dela esaten dugu orain. Soldatan asko galdu genuen sasoi hartan. Hainbat eskaera lortu ditugun arren, oraindik arazoa dugu ratioekin. Aldundiak jartzen ditu ratioak. Zergatik dituzte ratio ezberdinak Aldundiaren egoitzek eta gureek?  

Ratio horiek zein eragin dute egunerokoan?
Ratioek zerikusia dute kalitateagaz, bai langileontzat eta baita nagusientzat ere. Horiek zehaztea Aldundiaren esku dago.

Grebalaririk gehienak emakumeak zineten. Izan zuen horrek eraginik negoziazioetan?
Zalantzarik barik. Uste dute emakumeok otzanak izango garela egoera horretan. Amaitu da hori.

Zuek egiten duzue lana baloratzen da sozialki?
Orokorrean, ez da baloratzen. Baina, gure lana gertutik ikusita, nagusien senitarteko batzuek baloratzen dute. Hau lan oso gogorra da. Aldi berean, poza ematen dizu askotan. Baina horretarako bokazioa izan behar duzu. Ikusten dudana da belaunaldi berriak ez datozela jarrera horregaz. Inork ez du etorri gura egoitzetara. Ratioak hain justu ditugunez, zoroen moduan ibiltzen gara lanean.

18 urte ELAko delegatu lez, hamaika egoera biziko zenituen.
Lehenengo lan hitzarmenean, patronaleko batek esan zidan: "Baina zuek zergatik kexatzen zarete, egiten duzuen bakarra ipurdiak garbitzea bada?". Hori entzunda, argi dago ez dela gure lana baloratzen.  

Sozialki aldaketa gertatu beharko litzateke arlo honetan?
Sistema aldatu beharko litzateke. Ni orain 18 urte lanean hasi nintzenetik gaur egunera arte, gauzak asko aldatu dira. Lehen, denbora gehiago izaten genuen nagusiekin egoteko. Ildo horretatik, atzerantza egin dugu, nabarmen. Gainera, lehen, osasuntsuago etortzen ziren egoitzetara. Gaur egun, nagusiek atentzio gehiago behar dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!