Estatu espainiarrean, 630.000 emakume (sektorearen %95) etxeko langileak dira. Horietatik %42 etorkinak dira. Lege aldetik, lan merkatuan babes gutxien duen arloa da. Askok ez daukate kotizaziorik, eta kotizatzen dutenak oso urrun daude beste langileen baldintzetatik. "Etxeko langileen gizarte segurantza beste langileena baino askoz ere baxuagoa da. Ondorioz, istripu bat dutenean edo gaixotzen direnean, beste edozein langilek baino gutxiago kobratzen dute", salatu du LAB sindikatuak.
Alderdi politikoek etxeko langileen lan baldintzak hobetzeko pausoak emango dituztela esan izan duten arren, bestelako langileekin kotizazioaren ekiparazioa eragingo lukeen legearen onarpena orain dela gutxi atzeratu dute, 2024. urtera.
Soldata arrakala sistemak duen tresna dela dio LABek, emakumeen lanari "balioa kentzeko". Beste era batera esanda, sistemak lanari ematen dion balioa ezberdina da, emakumeek edo gizonek egin.
Egoitzetako langileak
Zaintzan dabiltzan egoitzetako beharginek ere urteak daramatzate euren lan baldintzen alde. 2016an hasita, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek kaleak hartu zituzten, urte eta erdiz. Hainbat mobilizazio antolatu zituzten Euskal Herri osoan, baita Durangaldean ere. "Emakume langileen borroka eta zaintzaren gaia agenda mediatikoaren erdigunera ekartzea lortu zuen grebak", azaldu dute ELA sindikatuko ordezkariek. Gaineratu dutenez, "sektore prekarizatu honetako langileentzat hobekuntza nabarmenak lortzen lagundu zuen grebak, eta baita gizartean langile-klaseari dagokionez oraindik nagusi den imajinario maskulinoan arrakala bat zabaltzen". Langile borroka eta borroka feminista uztartu egin ziren.
Pilar Mazaga eta Julieta Tomaláren gogoetak zaintza arloan bizi duten prekaritatearen isla dira. Euren lanak "errespetua eta baloratua izatea" merezi duela uste dute biek.