29 urteko gizon bat auzipetu dute Iurretako azken eraso sexistagaz lotuta

Markel Onaindia 2019ko ots. 26a, 12:59

Adin txikiko baten aurrean exhibizionismoa egiteagatik auzipetu zuen Ertzaintzak, domekan. Momentuz ez dago atxilotuta; informazioa epaitegira bidali dute baliteke hurrengo egunetan handik deitzea.

Herrizaingo sailaren arabera, otsailaren 18ko erasoaren ustezko egilea da gizon hori. Gainera, aurretiaz ere antzeko erasoetan parte hartu izanagatik ikertzen ari direla konfirmatu dute. Izan ere, iazko maiatzean hainbat emakumek salatu zuten Neberondo inguruan gizon batek jazarri zituztela.

Erasoa joan zen astelehenean izan zen. Iurretako 17 urteko neska bat korrika egitera irten zen, eta San Andres auzotik Neberondora bidean zihoala, gizon bat autotik atera eta bere aurrean masturbatzen hasi zen. Gero atzetik segika ibili zitzaion autoz, eta neskak baserri batean eskatu zuen laguntza.

Iurretan jende ugari atera zen kalera erasoaren aurrean protesta egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!