Askondo inguruko lanen atzerapena "onartezina" dela dio Totorikaguenak

Aitziber Basauri 2019ko ots. 20a, 10:51

Askondoko errotonda kendu eta Bixente Kapanaga kalea norazko bakarrekoa bihurtuko duten lanen atzerapenagatik "haserre" eta "arduratuta" azaldu da Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea. Bestalde, EHBilduk adierazi du "hainbat bider" azaldu dutela lan horien atzerapenagatiko "kezka"  udalean, "baina udal gobernuak ez dio orain arte behintzat kontu honi modu serioan heldu".

Obrak amaitzea nahi dute, eta horretarako enpresako arduradunekin astero batzartzen direla adierazi du Totorikaguenak. "Lanak amaitzen dituztenean azalpenak eskatuko dizkioa uste du. "Ez da obra handia, baina, egia da bere zailtasunak dituela. Material desberdinak erabili behar izan dituzte eta arazoak izan dituzte hornitzaileekin. Hala ere, lanak lau hilerako doaz eta onartezina da atzerapena. Oso astiro doaz".

Obraren zatirik zailena eginda dagoela azaldu du Totorikaguenak, "errazena" falta dela. Hala ere, aitortu du ez duela esaterik lanak noiz egongo diren amaituta. 

EHBildu: "Ez da kontu berria"

EHBilduk nabarmendu duenez, lanon atzerapena "ez da kontu berria". Argitu dutenez, "sanmigelak amaitu ostean hasiko zirela adostu genuen arren, lehenengo obrak hasi arte denbora pasatu zen". Hornitzaileekin arazoak izan dituztela esateari "aitzaki itxura" hartzen diotela ere gaineratu dute. Azkenik, "lanek eragindako eragozpen guztien inguruko beharrezko neurriak hartu eta ardurak betearazteko lan egingo dutela" azpimarratu du EHBilduk.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!