Askondoko errotonda kendu eta Bixente Kapanaga kalea noranzko bakarrekoa bihurtuko dute

Aitziber Basauri 2018ko mar. 21a, 15:05

Bixente Kapanaga kale osoa noranzko bakarrekoa bihurtuko da urria baino lehen, Maspera baino ezingo da irten bertotik. Askondoko errotonda kenduko dute, eta oinezkoentzat lekua irabazi; 400 metro koadro. Inguru horretan, argiak txertatuta izango dituen zurezko zorua eta altzairuzko jarlekuak ipìniko dituzte. Arbolak ere bai. Gaur aurkeztu dute egitasmoa udaletxean.

Bixente Kapanagako aparkaleku kopurua berean mantenduko dute; baita zamalanetarako gunea eta taxi geltokia ere. Hala ere, herrigunera sartzeko Zubiaurre kalea erabili beharko da behin lanak amaituta. Askondoko errotonda parke txiki batek ordezkatu du eta horren inguruan argiak txertatuta izango dituen zurezko zorua jarriko dute; altzairuzko jarlekuak eta arbolak ere ipiniko dituzte. Era berean, Durangotik datorren bidegorriari jarraipena emango zaio Askondoraino.

Bixente Kapanagak eta Askondok bat egiten duten inguru horren zaharberritzeak 134.000 euroko inbertsioa eskatuko du. Beranduenez ekainaren hasieran hasi gura dute lanekin eta sanmigelak baino lehen amaitu.

Zaharberritze lanek 1.000 metro koadroan eragingo dute, guztira. Herrigunean eragingo duten lanak dira, eta horrexegaitik era berezian zaindu dute erabiliko den materiala. Halaxe nabarmendu du Iñaki Totorikaguena alkateak. "Inguru txikian eragingo dute lanek, baina herrigunea da eta kalitatezko materiala erabili gura izan dugu; izaera eman. Gainera, Askondo inguruari nolabaiteko jarraipenaa emango diogu lan hauekin", esan du alkateak. "Irudi modernoa ere eman gura izan diogu", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!