Bixente Kapanagako lanak amaitzeko hilabeteko luzapena eman diote enpresari

Anboto 2019ko urt. 10a, 13:16

Askondoko errotonda kendu eta Bixente Kapanaga kalea norazko bakarrekoa bihurtuko duten lanak abendurako egon behar ziren amaituta, gabonak baino lehen. Hala ere, Iurretako Udalak hilabeteko luzapena eman dio obrak amaitzeko. Enpresak lanotarako materiala lortzeko arazoak izan dituela arrazoitu du luzapena eskatzeko.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, otsaila baino lehen egongo dira amaituta herrigunea itxuraldatuko duten lan hauek. Lanak ekainean ziren hastekoak, eta hilabete eta erdiko zuen enpresak amaitzeko. Hala ere, azkenean urriaren hasieran hasi ziren, sanmigel jaietan eragozpenik ez sortzeko. Totorikaguenak azaldu duenez, "altzairu eta egur berezia jarriko dute eta material hori lortzeko arazoak izan dituzte".

Oinezkoentzak lekua irabazi gura dute dute lan hauekin, 400 metro inguru. Argiak txertatuta izango dituen zurezko zorua eta altzairuzko jarlekuak ipiniko dituzte, eta arbolak ere bai. Martxoan aurkeztu zituzten lanak. Inguruaren zaharbatzarritze lanek 1.000 metro inguruan eragingo dute eta 134.000 euroko inbertsioa eskatuko dute.

Lanen eraginez, Bixente Kapanaga kalean dagoen zebrabidean sortutako arriskuak ere ardura sortu du herrian. Horren aurrean, "segurtasun neurriak" jartzeko eskatu zien udalak enpresari. Orain arteko zebrabideaz aparte, bigarren bat ere jarriko dute Askondon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!