“Txirrindularitza magikoa da”

Joseba Derteano 2018ko mar. 9a, 11:00
Argazkia: Lehior Elorriaga

Edozein lasterketatan Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldearen autoko irudia: bolantean Agurtzane, proiektuko gidaria eta arduraduna; ondoan aita, alabari erreleboa emanda bere esperientziagaz laguntzeko prest; atzean eserita, Andoitz neba, mekanikari bat baino gehiago, errepideko bizipenetan aurreko biek adinako esperientzia edo handiagoa duena, itzalpeko aditua. 

Jon, sortu zenetik taldeko zuzendaria izan zara… aurten arte.
Jon: Oraindik jarraitzen dut, baina albotik. Agurtzane da zuzendaria.
Agurtzane: Badakizu zer gertatzen den? Aitak berak dio. Neska gazteen eta adinean aurrera doazenen artean denboran desfase handia dago.
Jon: Hizkuntza desberdinetan egiten dugu berba.
Agurtzane: Baina oraindik jarraitzen du. Joan zen asteburuan, Otxandion, [Euskaldun Torneoan] bera izan zen zuzendaria.

Aitarengandik zer ikasi duzu taldeak zuzentzeko zeregin zail horretan?
Agurtzane: Konturatu naiz berari gertatzen zitzaizkionak gertatzen zaizkidala niri ere. Beti astirik barik zebilela ikusten nuen, eta esaten nion: “Baina zelan zabiltza beti astirik barik?”. Eta orain niri berdin-berdin gertatzen zait.

Estrategiak erabakitzerako orduan, asko eztabaidatu izan duzue?
Agurtzane: Ez, gutxi.
Jon.: Komentarioak egiten ditut, iritzia eman, baina bestelakorik ez.
Agurtzane.: Mekanikariagaz ere komentatzen ditugu horrelako kontuak.

A, bai? Andoitz ere horrelako erabakien parte da?
Andoitz: Esan behar denean, esaten dut. Laguntzen saiatzen naiz.
Jon.: Ona da horrelako kontuetan. Egunerokoari lotuta dago.
Agurtzane.: Lasterketetan hirurok joaten gara kotxean. Ni gidari, aita alboan, eta Andoitz atzean. Nik hamar urtean eta aitak 15 urtean ikusitakoak Andoitzek ia 20 urtean ikusi ditu. 18 urtetatik dabil.

Jon, txirrindularitzari lotuta daramazu bizitza osoa, sekula txirrindularia izan barik. Nondik datorkizu afizioa?
Jon: Juan Mari Balier lehengusua Duranguesa elkartean zegoen eta 20 bat urte nituenean ea laguntzeko prest nengoen galdetu zidan. Orduan hasi nintzen.

Orduan txirrindularitza zalea zinen?
Jon: Bai, beragatik. 10 edo 15 urtegaz bere lasterketak ikustera joaten nintzen. Eta lasterketetan bere zuzendariagaz kotxean joandakoa naiz. Gogoan dut zaparroa nintzela bide alboan berari itxaroten egoten nintzela ura emateko. Hortik datorkit zaletasuna.

20 urtegaz sartu zinenean, imajinatzen zenuen hainbeste urtean jarraituko zenuela?
Jon: Ba, ez. Gero dena segidan etorri zen. Duranguesako idazkaria izan nintzen, eta gero emakumeen talde berria etorri zen.

Zelan gogoratzen duzu Bizkaia-Durangoren sorrera?
Jon: Hiru izan ginen bultzatzaileak: Juan Mari Balier, Juan Jose Ziarrusta eta ni. 2003an sortu genuen. Nesken taldeak izan ditugu beti, baina klubeko taldeak ziren. Bizkaia-Durangogaz UCI-rako saltoa eman genuen.

Joane Somarriba zenuten taldean. Urte onak izan ziren, ezta?
Jon: Bai. Badago une bat, gogoratzen dudanean negar anpuluak irteten zaizkidala. Frantziako Tourreko etapa bat irabazi ostean, podiumera igo zenean ikurrina atera zuen. Une hunkigarria izan zen. Gainera, helmugara bakarrik heldu zen eta gu atzetik kotxean, dena jarraitzen.

Txirrindularitzatik bizi ez eta hainbeste erantzukizun eta buruhaustek konpentsatzen dute?
Jon: Txirrindularitza magikoa da. Magia berezi bat du. Hor zaude, saltsan zaude… Ez dakit zelan azaldu, baina tiratu egiten dizu.

Andoitz, gaur eguneko bizikletek 1 Formulako autoak dirudite hainbeste teknologiagaz. Abantaila ala desabantaila da mekanikarientzat?
Andoitz: Gaur eguneko bizikletek aldagailu elektronikoak dituzte eta arazo gutxiago ditugu. Teknologia abantaila bat da alde horretatik. Hori bai, teknologia hori ondo ezagutu behar! Baina, bestela, berdin eragin behar zaie pedalei.

Itzuli batean zaudenean, zein da mekanikari batentzat unerik estresagarriena?
Andoitz: Erlojupekorik badago, egun hori. Matxura bat dagoenean denborarik gehien galtzen den eguna da. Erlojupeko batean ez dago arazoa konpondu eta pelotoiagaz bat egiteko aukerarik. Galtzen den denbora galduta dago.

Agurtzane, umetan bizikletan ibiltzen zinen?
Agurtzane: Umetan, baserrian, bizikletan mugitzen ginen beti. Kirol moduan, 15 urtegaz hasi nintzen. Hasi gura nuela esaten nion aitari, baina ez zidan jaramonik egiten.
Jon: Amari esan zion: “Ematen du aitak ez duela gura ni bizikletan aritzea”. Hasi zen eta denok pozik.
Agurtzane: Burugogorra denak… 16-17 urtean aritu nintzen.

Asko aldatu da txirrindularitza?
Agurtzane: Gero eta profesionalagoa da. Esaterako, hasieran sentsazioei jarraitzen genien. Gero, pultsometroak agertu ziren, orain potentziometroak daude…
Jon: Orduan denok batera irteten genuen eta taldean ibiliz ikasten zen. Orain prestakuntza serioagoa da. Orduan ez zegoen UCI talderik estatuan. Gurea izan zen mota horretako aurrenekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!