“Urte askoan lanean ibili direnak zapaldu barik jokatu behar lukete dirua dutenek”

Joseba Derteano 2018ko mar. 9a, 09:30
Argazkiak: Lehior Elorriaga

Berdintasunaren ispilu izatetik urrun dago oraindik txirrindularitza. Soldata eta sariak dira gizonen eta emakumeen txirrindularitza banatzen duten lubakietako bi, baina ez bakarrak. Bizkaia Durango Euskadi Murias taldea gidatzen hasi denetik, emakumezko zuzendari bakarrenetakoa dela konturatu da Agurtzane Elorriaga. Ateak zabaldu dizkio ANBOTOri, hainbat gai jorratzeko: berdintasuna, Muriasegaz indartu duten proiektua, aurtengorako esperantza eta ilusioak, eta Movistar ahaltsuaren sorrera. Badago itxita mantentzea gurago duen ate bat ere.

Irakaslea zara ogibidez. Martxoaren 8a greba eguna izan da zuretzat?
Bai, greba eguna izan da. Garrantzitsua iruditzen zait.

Emakumeen eta gizonen txirrindularitzaren artean, zertan nabaritzen da berdintasun falta?
Soldatan. Hor dago desberdintasun handiena eta nabariena. Sarietan ere bai. Gizonen eta emakumeen sariek ez dute zerikusirik. Horrez gainera, zuzendari lanean nabilenetik konturatu naiz emakumeen taldeetako zuzendaririk gehienak gizonezkoak direla oraindik. Ia denak. Joan zen asteburuko proban, hogei zuzendaritik neu izan nintzen emakume bakarra. Valentziako Itzulian, aldiz, 29 zuzendaritik hiru geunden.

Aurtengo txirrindularitza proiektua zertan da iazkoaren jarraipena eta zertan berria?
Berez iazkoaren jarraipena da aurtengoa, lan taldea lehengoa da eta. Gure proiektuari jarraipena emango diogu. Nobedade bakarra babesle berriak ditugula da, eta horrek asko indartu du taldea. Batez ere, diru kontuetan, materialean eta abar.
Lourdes Oyarbide eta Mavi Garcia Movistar taldera joan zaizkizue, aurten sortu duten talde ahaltsura.

Diruaren tirania emakumeen txirrindularitzara heldu da?
Dirua sartzea ondo dago, orain arte ez da egon eta. Beraz, hori ondo dago. Baina dirua duenak zuzen jokatu behar du, hori da  egin behar lukeena.

Zer adierazi gura duzu horregaz?
Ba, dirua dutenek urte askoan lanean ibili direnak zapaldu barik jokatu behar lukete, haien iritziak aintzat hartuz, egindako lana eskertuz eta lagunduz.

Aurten zelako taldea duzu? Zelan definituko zenuke?
Taldea berria da. Txirrindulari berri asko ditugu aurten. Denetarik dugu. Klasikoetan ondo ibiliko direnak, gorantza ondo doazenak… ilusio handiagaz dauden txirrindulariak dira.

Txirrindulari mota jakin batzuk batzen saiatu zarete ala denetarik ekarri duzue?
Gaitasun desberdinetako txirrindulariak ditugu. Lasterketako ezaugarriak zelakoak diren, ziklista batzuk edo besteak eramango ditugu.

Durangaldeko txirrindulari bat dabil taldean: Aroa Gorostiza elorriarra. Iazko azaroan batu zen taldera. Denboraldi honetan zer eskatzen diozu?
Aurten, gazteetatik elite-23 urtez azpiko mailarako saltoa eman du. Lehenengo denboraldia du kategoria berrian. Beraz, oraindik ezin zaio askorik eskatu. Ikasi egin behar du, hori da bere eginbeharra. Aipatzekoa da zelako gogotsu etorri den. Niretzat sorpresa bat izan da. Gogo handiz eta maila polit batean ikusten dut.

Gazteetatik elite mailarako saltoa handia da?
Handia baino gehiago: itzela!

Zu txirrindularia izan zinenean, salto hori igarri zenuen?
Beti igartzen da. Exijentzian, kilometro kopuruan… Gazteena zara. Aroari berdina gertatzen zaio, bera da gazteena. Beraz, dena da berria berarentzat.

Iaz Espainiako Kopan hainbat garaipen lortu zenituzten eta taldekako sailkapena irabazi zenuten. Movistar taldea tarteko dela, iazkoa errepikatzea posible da?
Irabaztea gaitza izango da, baina, saiatuko gara.

Gerra ematen?
Gerra ematen ez, irabazten saiatuko gara.

Nor izango duzue taldeburu?
Hainbat ditugu, baina une honetan Dani Christmas ikusten dut indartsuen. Ondo hasi da.

Nor da Dani Christmas?
Ingelesa da. Aurreko lau denboraldietan Belgikako taldeetan ibili da. Iaz polito aritu zen eta begia bota genion. Aurten gure eskaintza onartu eta hona etorri da. Aldapa gora ondo dabil eta klasikoetan ere ondo moldatzen da.

Taldearen aurkezpenean Anna Stricker italiarra aipatzen zenuten taldeburu.
Stricker da orain arte emaitzarik onenak lortu dituena, baina Christmas da denboraldia ondoen hasi duena, eta Espainiako Kopako lasterketak urte hasieran izaten dira. Alicia Maria Arzuffi italiarra ere hor dugu. Emaitza onak izan ditu eta oso igotzaile ona da. Ea Italiako Girora joatea lortzen dugun. Horrela bada, proba hori ondo prestatzea gustatzen zaio.

Denboraldi hasiera itxaropentsua izan duzue. Joan zen asteburuan, Belgikan, gertu izan zenuten podiuma.
Bost kilometroren faltan, gero lasterketa irabaziko zuenak erasoa jo zuen. Haren atzetik Dani Christmas irten zen. Bigarren helmugaratzeko zorian izan zen, baina 500 metroren faltan harrapatu zuten.

Nazioarteko lehenengo lasterketan gertu izan zenuten podiuma.
Imajinatu lortu bagenu! Itzela izango zen. Pena!

Gero esango dute taldeak ez duela mailarik.
Langa non jartzen duzun da kontua. Women World Tourreko lehen bost taldeetan jartzen baduzu, ez, baina Valentziako Itzulian 29 taldetik hamargarren geratu gara. Hamar onenen artean. Egoerari nondik begiratzen diozun, badugu maila.

Mingarria izan da Emakumeen Birarako gonbita jaso ez izana?
Polemika horri buruz ez dut ezer esan gura.

Txirrindularia zinenean ilusio berezia egiten zizun Biran aritzeak?
Jakina, nire herriko proba da. Gaztetatik txirrindularitza utzi arte, urtero parte hartu nuen.

Zeintzuk dira zuen hurrengo lasterketak?
Domekan Women World Tourreko lehen lasterketa dugu Herbehereetan, Drenden. Harbidea eta haizea: lasterketa zaila izango da, joan zen asteburukoa baino zailagoa. Gero, Belgikara ere joango gara, astebete pasarako. Lau lasterketa ditugu han.

Erlazionatuak

“Txirrindularitza magikoa da”

Joseba Derteano 2018 mar 09 Iurreta

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!