Hainbat jende inplikatuko da datozen egunetan zure esker oneko jardunaldietan. Zelan sentitzen zara?
Ez dakit merezi dudan orain arte idatzitakoagatik, espero dut merezi izatea hemendik aurrerakoagatik. Jardunaldietan parte hartuko dutenen artean badaude nik baino gehiago merezi dutenak, frankismoa amaitu orduko, kultura debekuetatik ateratzen ahalegindu zen jendea: niri euskaraz leitzen erakutsi zidanetako bat, esate baterako, Marisa. Baten bati ipintzen zaio kartela, baina euskaldunen erresilientzia oso kolektiboa eta anonimoa izan da.
Urrutitik jarraitu beharrak pena ematen dizu?
Ez, lotsa itzela pasatuko nuke. Gainera, inpostore bat bezala sentituko nintzateke, ze omenduak liburuak dira. Biblioteka batetik sortu da ideia, eta ondo dago liburuak izatea motiboa eta gaia.
Liburuak inportanteak dira?
Liburua berez ez da ezer. Karpa baten barruan bizi gara, medio nagusietatik irudi, mezu, informazio eta historia faltsuz bonbardatzen gaituzte, bizi garen zirkua beste aukerarik ez balego bezala, liburuak ere kontsumogaiak dira hor karparen barruan. Hala ere, liburu ondo jaurti batek zulo bat egin dezake olanean akaso. Baina, autoreak imajinatzen duena baino gehiago, irakurleak imajinatzen duena da liburua. Liburuaren pentsamendua irakurleari pentsarazten diona da.
Baduzu idazlan berririk esku artean?
Itzuli ezinak deitzen den zer bat ari naiz idazten, 1995etik aurrera egindako poemak biltzen. Testuok idatzi baino gehiago borratu egin behar izaten ditudanez gero, liburua borratzen ari naizela esan beharko nuke [barrez].
Zer liburu gomendatuko zenioke iurretar bati?
Iurretako euskarari buruzko liburu eder bat dago, Alberto Erraztiren Iurreta elizateko euskara eta toponimia. Orain, hilabete barru, Julen Kaltzadaren memoriak argitaratuko direla uste dut, Umezurtzen aberria, hori ere oso irakurgarria izango dela uste dut.
Eta zeintzuk literatura unibertsalekoak?
Liburu bi aipatuko ditut. Gaztelaniaz, Ion Arretxe hil berri denaren Inchaurrondo, la sombra del nogal, torturari buruz irakurri dudan testigantzarik hoberena. Eta, ingelesez, Ambroise Bierceren Deabruaren hiztegia, Xabier Olarrak egindako bertsioan irakurri daitekeena euskaraz.