Joseba Sarrionandia, Hemen eta Han dokumentala ikusteko aukera egongo da hilaren 28an. Peru Magdalena idazleak eta Pello Salaberria bideogileak sortu dute, Garaizarkoaren lagunen, artisten eta herrikideen testigantzetan oinarrituta, 27 pertsona guztira. Esaterako, Iurretako irakurle klubeko ume batzuek ere parte hartu dute. Bere ibilbide kulturala kontatuko dute, Euskal Herrian eta Habanan kokatuta, Hemen eta Han, egun Kubako hiriburuan bizi baita iurretarra. Magdalenak dioenez, interesgarria izan da “bizitza fokuetatik ihesean eman duen batengan fokua ipintzea”. Hala ere, zerbait freskoa egin gura izan dute, mitifikaziorik barik. Hunkitu egiten da irudiak ikustean. “Ez dakit zenbat bider negar egin dudan, konturatzerakoan zer egiten gabiltzan”.
Sarrionandiaren bizitzak lotura estua du bere lanean, baina, Magdalenaren ustez, unibertsaltasun bat ere eduki du beti, “goi arnas bat”. Edozelan ere, iraganeko mitoak obraren garrantzia baldintzatu duela uste du. “Ez gara konturatzen ze ona, indartsua, emankorra den bere obra”, adierazi du.