20 poema zati, Iurretako 20 izkinatan

Markel Onaindia 2017ko urr. 20a, 09:30

Garaizar auzoan 1958an jaiotako poetak ihes egin zuen kartzelatik 1985ean, eta 31 urtez ezkutuan bizi izan da, erbestean. Ez zegoen bere bizimoduaren berririk, ezta argazki eguneraturik ere, 2016ko azaroan Habanan publikoki agertu zen arte. Hori bai, bere idazkiak eta ahotsa presente egon dira urte guztiotan. Hain zuzen ere, bere berbek Iurretako kaleak koloreztatuko dituzte. Izan ere, Peru Magdalenak instalazio poetiko bat ezarriko du herrigunean, hogei esaldikoa, hogei leku, kantoi edo izkinatan.

“Kalea edertzeaz aparte, bere obra presente egitea eta normalean heltzen ez den jendearengana helduaraztea gura dugu, jakingura bat sortzea”, esplikatu du Magdalenak. Instalazio poetikoaren mapa eskuorrietan banatuko dute, jendeak bakoitza non dagoen jakin dezan. Denerikoak izango dira, eta Sarrionandiagaz beragaz adostuak, gainera. “Esaldi batzuk oso ezagunak dira, kamiseta eta hormetan ikusi ditugunak. Beste batzuk liburu bateko ertz batetik hartutakoak. Batzuk umerotsuak, besteak emozionalagoak, aldarrikatzaileak ere bai...”.

Aipagarria da, euskaraz aparte, hainbat hizkuntza erabiliko dituztela, herriko naziotasunak kontuan hartuta: bereberea, arabea, errumaniera, ingelesa, frantsesa eta gaztelania.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!