"Alardearen inguruan sekulako lana egiten dabiltzanek sari bat ematea garrantzitsua da niretzat", adierazi du Kristina Mardarasek saria jasotzeko ekitaldiaren biharamunean. Pozik dagoela dio, eta "apur bat emozionatuta" ere bai. Gainera, efemeride berezi bat konpartitu du saria jaso zuen beste lau bertsolarietako bategaz: 25 urte dira Hondarribian lehenengoz kantatu zuenetik, eta Maddalen Lujanbio lagun zuela plazaratu zen, hernaniarrak 15 urte besterik ez zituela. Bertsolaritzaren erreferenteetako bat da gaur egun Lujanbio, 2009an Euskal Herriko txapeldun bihurtu zena.
"Pena", alarde diskriminatzaileagatik
Mardarasek esan du giro ona topatu duela Hondarribian. Baina, "pena" sentitu du alarde diskriminatzailearen entseguekin topo egitean gazteak ere ikusi dituelako. "Gazte hauen hezkuntzan zerbaitek huts egin du", hausnartu du ofizioz irakasle izan zen iurretarrak. Alarde parekidearen entseguetan egon zen, eta barikuan bertara bueltatuko da, alarde egunean Jaizkibel konpainiakoei babesa erakustera.
Hona hemen Mardarasek zapatuko ekitaldian botatako bertsoa:
Hainbeste urte borroka honetan
euki behar da fedea
eta noiz arte iraungo duen
dugu askoren galdea
nahiz ta oraindik irudikatu
leiken dela trenbidea
eutsi goiari, segi lanean
billau barne akordea
gazte berriek lortuko dute
berdintasunen bidea.