Kristina Mardaras: "Barruan daroat bertsolaritza: maiteminduta nauka proiektu honek"

Anboto 2014ko abe. 19a, 09:30

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunari Kristina Mardaras Sedrunek (Iurreta, 1948) jantziko dio txapela. Bihar, Miribillan (Bilbo) izango da finala, 17:30ean hasita.

Zelan hartu duzu 2014ko Bizkaiko bertsolari onenari txapela janzteko proposamena?
Sorpresa handia izan da; izan ere, aurten txapela nork jantzi zezakeen pentsatzen hasia nintzen. Asko emozionatu nintzen Eneko Abasolo Abarkas eta Unai Iturriaga bertsolariak, eta Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ordezkaria etxera etorri zitzaizkidanean irabazleari txapela ipintzeko proposamenagaz. Elkarteak proposatuz gero, ez dago ezetz esaterik.

Harreman estua eta aspaldikoa duzu elkarteagaz, ezta?
Bai, oso. Bertsozale Elkartearen sortzaileetako bat izan nintzen, eta nire bizitzako proiektu bat da. Barruan daroat bertsolaritza; maiteminduta nauka proiektu honek. Proiektu handia da, eta, oso gustuko dut; besteak beste, auzolanean eta boluntarioen ekinari esker egiten duelako aurrera. Hizkuntzari bultzada inportantea eman dio: euskaldunona ahozkotasunaren kultura da, eta bertsolaritzak bultzatu egiten du hori. Gainera, Euskal Herri mailako proiektua da, eta hori ere oso beharrezkotzat daukat.

Elkarteak egiten duen lana oso ondo ezagutuzen duzu. Bereziki betegarria izango da txapela janzteko ohorea izatea, ezta?
Eskatu zidatenean emozionatu egin nintzen, eta oraindik ere asko emozionatzen naiz. Horren inguruan jende asko mugitzen dela ikusten dut. Jendeak babestu egiten du proiektu hau. Euskaraz egiten den edozein ekintza ez da gai 5.000 lagun mugiarazteko: bertso final bat bai. Jendea isil-isilik egoten da hizkuntza baten bueltan, eta miresmen handiz. Urte guztikoa da txapelketaren muntaia: gai-jartzaileen taldea, bertso eskoletakoek antolatzen dituzten saioak, epaileen jarduera... Ezkutuko lan handia dago txapelketa honek aurrera egiteko. Horretan bat gehiago sentitzen naiz ni, ez bereziki nor txapela ipintzeko.

Txapelketaren ‘#Josi’ leloak eta irudiak elkarlan horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen.
Oso ondo aukeratuta dago. Asko gustatzen zait, koloretsua delako eta aniztasuna islatzen duelako: oihal zatiek ideia desberdinen agerpena, sexu bietako partaideak eta abar islatzen dituzte. Aniztasuna, bizitza, erritmo desberdinak... Esangura handikoak dira irudia eta leloa.

Zelako txapelketa izaten dabil?
Saio batzuk biribilagoak izan dira beste batzuk baino. Saio onenetan lehenego sailkatutik azkenengora hamar puntuko aldea egon da. Beste saio batzuk gorabeheratsuagoak izan dira, ohikoak ez diren bertsolari batzuk entzun ditugu... Joan naizen guztietan entzun ditut perla batzuk: beti dago zer edo zer bitxia, inpresio ona egiten dizuna.

Zeren bila joaten zara txapelketako saioetara?
Lehenengoz parte hartzen dutenek zer ideia eta modu dakarten ikustea gustatzen zait. Ideia freskoak dakartzaten bertsolariak ditut gustuko, ironia darabiltenak... Aurten Imanol Uria eta Xabat Galletebeitiak oso inpresio ona egin didate. Oihana Bartrari ere igarri dizkiot hobetzeko ahalegin handia eta freskotasuna. Gozatu du, eta txapelketako zurruntasunaren aurrean arnasa eman du. Sorpresen bila noa, eta Iratxe Ibarrak ere harritu nau: gauzak esateko orduan, ausardia eta askatasuna nabaritu dizkiot, eta ilusioa egin dit. Entzuleok ez ezik, uste dut azken aldian epaileek ere aintzat hartzen dituztela ausardia, burutazioak eta bat-batekotasuna.

Epaile ibilitakoa ere bazara...
Bai, urte askoan ibili naiz Durangaldeko kanporaketetan epaile lanetan. Oso lan zaila da epaileek egiten dutena: bizkortasun handia eskatzen du. Bertsoa jarraitu behar duzu, eta, aldi berean, apunteak hartu behar dituzu. Gero, horren arabera, oso azkar, puntuazioa eman...

Zelakoa aurreikusten duzu biharko finaleko saioa?
Saio ona eta freskoa izango dela uste dut. Arkaitz Estiballesek egun ona badauka, sailkapenean aurrean ikusten dut. Etxahun Lekue ere oso ondo ikusi dut kanporaketetan, askeago. Ez nuke esango Iratxe txapeldun izango denik, baina seguru nago saio ederra egingo duela. Onintza Enbeitaren kalitatea ere ezaguna dugu, eta, gainera, bigarren zentzuekin gauza politak egiten ikusi dut... Oso seguru ikusten dut Jone Uria ere: eta ironia fina erabiltzen daki. Oihana Bartraren freskotasunaz ere gozatu ahalko dugu, seguru. Fredi Paiak edozer egin dezake, eta uste dut txapela irabazi dezakeela; oso bat-batekoa da, euskara oso ona darabil. Eta Xabat Galletebeitia txapelketa honetako sorpresa ere aintzat hartzekoa dela uste dut.

Nori jarri nahi diozu txapela?
Aurten beste txapeldun bat egokitzea gustatuko litzaidake: Arkaitzek badauzka bi txapel, eta ilusioa egingo lidake Iratxeri, Frediri edo Etxahuni janzteak, esaterako. Denei jantziko nieke gustura, baina onenari jantziko diot seguruen!

Zelan ibili dira Durangaldeko bertsolariak txapelketan?

Txapelketan parte hartu duen Durangaldeko bertsolaririk ez da egongo bihar Bilbon jokatuko duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Arkaitz Estiballes (Galdakao, 1977), Etxahun Lekue (Larrabetzu, 1979), Fredi Paia (Algorta, 1981), Iratxe Ibarra (Markina-Xemein, 1974), Jone Uria (Algorta, 1990), Oihana Bartra (Bilbo, 1984), Onintza Enbeita (Muxika, 1979) eta Xabat Galletebeitia (Lekeitio, 1986) iritsi dira bihar, 17:30ean, Bilbon jokatuko den finalera.

Txapelketan parte hartu duten Durangaldeko bertsolariek, aldiz, ez dute finalerako sailkatzeko behar beste puntu bildu. Durangaldeko bertsolariek txapelketa honetan izandako jardunaren analisia egin du biharko irabazleari txapela jantziko dion Kristina Mardaras iurretarrak.

Miren Amuriza ez du beste urte batzuetako mailan ikusi: “Zalantzati ikusi dut Miren, bertsoa hasteko denbora gehigi ematen, eta horrek puntuazioan zigorra dakar. Ez dut disfrutatzen ikusi, eta pena hartu dut”. Mardarasen ustez, eman duena baino askoz bertsolari hobea da Amuriza. Beñat Ugartetxea eta Gorka Lazkano ere ez ditu euren onenean ikusi. Baina Ugartetxea, Artza eta Eneko Abasolo Abarkas finalaren atean geratu dira, eta “hurrengo batean beste eskaileratxo bat igotzeko prest” ikusten ditu Mardarasek.

Bertsogintzaren arloan Durangaldeak potentzial handia daukala azpimarratu du Kristina Mardarasek. “Hizkuntzak erabilera guneak sortu behar ditu, erabilera ez dator zerutik... Eta bertsolaritzak badauka potentziala erabilera guneak sortzeko”. Durangaldeko hainbat herritan martxan dauden bertso eskolena oso erreferentzia positiboa dela azpimarratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!