Aizkora desafioa antolatu dute Goiurian, ekainaren 3rako

Aitziber Basauri 2017ko mai. 30a, 12:00

Orozketa egindako desafioa amaituta bota zuen Goiriak berea, eta Bikandik onartu egin zuen. Argazkia: Iñaki Esteban Garitaonaindia.

Iurretako Aita San Migel plazatik Goiuriara korrika igo ostean, kanaerdiko bi moztea. Erronka hori bete beharko dute Mikelats Goiriak (Durango, 1988) eta Eneko Bikandik (Iurreta, 1995), ekainaren 3an. Plazan egin dute hitzordua, 19:00etan. Irabazten duenak 600 euro poltsikoratuko ditu.

Biek ala biek argi dute helburua: “lana amaitzea, kosta ahala kosta. Norberaren duintasunarengatik bada ere”, dio Goiriak. Bat dator Bikandi ere. “Desafioa amaitzea da helburua, horretarako denbora asko behar badut ere”.  Joan zen martxoan ere desafioa egin zuten Orozketan.Aritz Baraiazarra eta Xabier Olaskoaga aritu ziren orduan.  Han sortutako giroak “berotuta”, desafioa bota zuen Goiriak, eta Bikandik baino ez zion heldu erronkari.

“Desafio hura ikustean, berotu, eta neuri ere halako zerbait egiteko gogoa sartu zitzaidan”, dio Goiriak. “Enekok baino ez zuen onartu desafioa”.  Bikandik gaineratu duenez, “lagunarteko giroak horretara animatu ninduen”.

Erronkarako prestatzen
Ez batak ez besteak ez dute egin prestaketa berezirik aizkora desafioari aurre egiteko. Hala onartu dute. “Zerbait entrenatzen ari naiz, apurka-apurka, egunean bertan indarrik barik gelditu ez nadin. Aizkora ez dut hartu oraindik”. Bikandik ere etxeko egurra mozteko baino ez du erabiltzen aizkora, onartu duenez. Gaineratu du are gogorragoa dela korrika egin ostean aritzea aizkoran. “Hankak nekatuago izango ditugu, eta gogorragoa egingo zaigu enborra moztea”.

Gaztetasuna vs indarra
Faboritoa zein den galdetuta, Goiriak uste du Bikandiren gaztetasunak haren alde egiten duela. Hala ere, Goiriaren indarrak izango duela eraginik nabarmendu du Bikandik. Ikusmina sortu du erronkak. “Nahiko zabaldu da aizkora desafioa izango dugula, eta etorri izan zaizkit ea prestatu naizen edo nola nagoen galdetzera”, Goiriak azaldu duenez.

Parte-hartzaile bakoitzak 300 euro jarri ditu aizkora desafioa egiteko, eta irabazleak aurkariarenak bereganatuko ditu. Astebete dute Mikelats Goiriak eta Eneko Bikandik desafiorako prestatzeko. Damurik ez dute erronka bota eta hartu izanaz, baina ezin ukatu urduritasuna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!